UPN eta PP alderdiak elkarrekin aurkeztuko dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan.Akordioaren arabera, UPNk ahots propioa izanen du, Espainiako Parlamentuko Talde Mistoan. UPNko kideak, Yolanda Barcina Nafarroako presidentea buru zutela, atzo batzartu ziren PPkoekin, popularrek Madrilen duten egoitzan. Orain, hauteskundeetara bi alderdiak elkarrekin joan ahal izateko, UPNko batzorde eragile eta kontseilu politikoak eta PPko zuzendaritza batzordeak akordioari oniritzia eman beharko diote.
Dagoeneko zehaztuta daude hauteskundeetarako zerrendetako postuak zein alderdiri egokituko zaizkion. Zerrendako lehendabiziko, hirugarren eta laugarrenpostuak UPNko kideek beteko dituzte. Bigarren postua, berriz, PPrentzat izanen da, eta Senaturako zerrendako lehen bi postuak UPNrentzat izanen dira. Ez dute zehaztu, baina, alderdi bakoitzaren ordezkariak zeintzuk izanen diren.
Nafarroako PPko presidente Santiago Cerverak adierazi duenez, «akordioak zentro-eskuinaren garaipena bermatuko du Nafarroan». Bertzalde, gogorarazi du akordioa egon arren Nafarroako Parlamentuan «oposizioa berdin egiten» jarraituko dutela.
Azken egunotan, UPNn kezka sortu du Aralar eta Bilduren arteko akordioak. Horregatik, boz bakoitza «ezinbertzekoa» dela azpimarratu du Barcinak. «Nafarroan alderdi abertzaleak lehenengo indar izatea galarazi beharra dago», adierazi du Nafarroako presidenteak.
UPNko idazkari nagusi Carlos Garcia Adanerok baieztatu du UPNk Mariano Raxoiren aldeko boza emanen duela Espainiako presidente bilakatzeko.
Xehetasunik gabe
Oraindik ez da xehetasunez ezagutzen UPNk eta PPk zer itundu duten. Alabaina, PPko idazkariorde Ana Matok lehendik adierazi zuen negoziaziorako erabiliko zuten hauteskunde programak bere alderdian oinarritu beharko zuela.
Batzarrean UPNko ordezkari gisa Yolanda Barcina alderdiko burua, Alberto Catalan eta Carlos Garcia Adanero bildu ziren. PPren aldetik, Mariano Raxoi, Maria Dolores de Cospedal, Ana Mato eta Nafarroako PPko presidente Santiago Cervera izan ziren. Akordioa guztiz itxita ez badago ere, ziurtzat ematen da bi alderdiak azaroaren 20ko bozetan elkarrekin aurkeztuko direla.
Azaroko bozetan Nafarroan elkarrekin aurkeztea hitzartu dute UPNk eta PPk
UPNko batzorde eragileak eta PPko zuzendaritzak akordioa berretsi beharko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu