Politika

Azkarraga: "Galdeketa egin egingo da, eta klase politikoak onartu egin beharko du emaitza"

Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuaren ustez, "demokratikoa da ekimen hori eta ez dago arrazoirik kontra egiteko". Bolivian dago, autonomia ereduei buruzko jardunaldietan.

2008ko apirilaren 17a
17:39
Entzun
Joseba Azkarraga EAko idazkari nagusi eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak garbi duela dio: "Herri galdeketa egin egingo da [Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa], eta klase politikoak onartu egin beharko du". Hala esan du gaur Bolivian, hitzaldi batean. Santa Cruz de La Sierrako unibertsitateak gonbidatuta joan da hara, autonomia ereduei buruzko jardunaldietara.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 2008ko urriaren 25ean egin nahi du herri galdeketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ekainerako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu nahi du, bi irizpidetan oinarrituta: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Espainiarekin akordioa lortu edo ez, Ibarretxe ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu. Galdeketaren ondoren, alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du Jaurlaritzako lehendakariak.

Frankismoaz geroztik "euskal gizartean aldaketa ikusgarria" gertatu dela adierazi du gaur Azkarragak, Espainiako Gobernuak "trabak" jarri dituen arren. "Orain herriari hitza eman nahi diogu, gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko. Demokratikoa da ekimen hori eta ez dago arrazoirik kontra egiteko".

"Euskal gatazka desblokatzeko" asmoa du Jaurlaritzak, Azkarragak dioenez, eta horretarako elkarrizketa beharrezkoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.