Oso sentitua izan da agurra. Familiakoak eta lagunak ez ezik, Xabier Rey Urmenetak militantzian adiskide izan zituen ehunka lagun joan dira gaur Iruñeko hilerrira, eta malko eta oihu artean eman diote agurra. "Herriak ez du barkatuko" eta "Antxo, gogoan zaitugu" leloak entzun dira gehien.
#AgurEtaOhoreAntxo#KALERA#FreeThemAllpic.twitter.com/9ernGkBBOB
— #HERRItmoaBIZItu (@sortuEH) 2018(e)ko martxoak 9
Aurreskua egin diote, eta hilerriaren barruan ekitaldi politikoa egin dute. Han, Miren Zabaleta Sortuko kideak hitz egin du, eta bere eginahala ez dutela ahaztuko azpimarratu du: "Irabazteke dugun etorkizunean; hortxe agertuko da zure izena, beste ehunka kideren izenarekin batera. Ez izan zalantzarik".
Auzitegi Nazionalera
Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak jakinarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalera joko duela Rey Urmeneta bere ziegan hilda topatu zutenetik hona izan diren gertaerak salatzeko. Manifestazio, elkarretaratze, ekitaldi eta antzekoen txosten zehatza egiten ari da Espainiako Polizia, bere arabera. Txosten hori Fiskaltzaren esku utziko du Espainiako Gobernuaren ordezkariak, hark erabaki dezan diligentziak ireki edo ez.
Bestetik, AVTk eskatu du debekatzeko bihar arratsalderako deituta dagoen manifestazioa. 17:00etan da abiatzekoa protesta Golem zinemetatik, eta Kalera-Kalera ekimenak antolatu du.