Azken aste eta erdiko kronologia

enekoitz esnaola
2014ko otsailaren 28a
17:21
Entzun

Gauza asko pasatu dira azken aste eta erdian Euskal Herriko bake prozesuari dagokionez.

Otsailak 19 (asteazkena).

EPPKren bitartekariek bilera egin zuten Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordearekin, Donostian. Foro Sozialaren gomendioez aritu ziren, besteren artean.

Otsailak 20 (osteguna). 

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko kideak Euskal Herrira iritsi ziren: Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils, Chris Maccabe, Satish Nambiar, Fleur Ravensbergen eta Aracelly Santana. Jendaurreko azken bisita urtebete lehenago egin zuten.

"ETAk egiaztatzaileak erabili nahi ditu orain, negoziazio prozesu bat egon dadin", esan zuen Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazek.

Otsailak 21 (ostirala).

Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearen prentsa agerraldia Bilbon, Carlton hotelean: jakinarazi zuen ETAk armategia indargabetzeari ekin diola. Arma eta lehergai zerrenda bat erakutsi zuten, ETAren zigiluarekin. BBCk berehala bideo bat zabaldu zuen: ETAko bi kide eta Manikkalingam eta Kasrils ageri ziren gela batean, eta han zeuden egiaztatzaileek aurrez aipatutako armak eta lehergaiak.

Manikkalingamek-eta Bilbon bertan hainbat bilera egin zituzten euskal eragileekin. Horietako gehienek jo zuten aurrerapauso gisa ETAren neurria; aldiz, Espainiako eta Frantziako gobernuek zioten ez dutela urratsik egingo ETA desegin arte.

Otsailak 22 (larunbata).

Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu zituen Egiaztatze Batzordeko Malikkaningam, Kasrils eta Chris Maccabe, ETArekin izandako harremanagatik –Covitek egin zuen eskaera–.

Bill Clinton AEBetako Gobernuko presidente ohiak Twitterren Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko mezua idatzi zuen: "Albiste onak Euskal Herritik atzo. Espero dut euren bake prozesuak aurrera egitea".

Otsailak 23 (igandea).

Egiaztatzaileek Auzitegi Nazionalean deklaratu zuten, Madrilen. Kontatu zutenez, Frantziako Tolosan egin zuten bideoko hitzordua, eta ETAk ziurtatu zien arma eta lehergai haiek erabilerarik gabe utziko zituela.

Ismael Moreno epailearen aurrera joan aurretik, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Jonan Fernandez Bake eta Elkarbizitzarako idazkariaren babesa jaso zuten Madrilen bertan, bisita baten bidez.

Auzitegitik atera ostean, Manikkalingamek esan zuen gobernuen jarreragatik "ia ezinezkoa" zaiela ETAri desarmatzen laguntzea.

Lula da Silva Brasilgo gobernuburu ohiak atxikimendua adierazi zion Aieteko Adierazpenari. 

Le Monde Frantziako kazetak azalean jarri zuen Euskal Herriko bake prozesua. Euskal Herria, baliatu beharreko aukera bat izenburupean, egunkariak editorialean azpimarratu zuen bake prozesuan eginiko urratsak "benetakoak" direla, eta aukera baliatzera deitu ditu Frantziako eta Espainiako gobernuak. "Egun, ezohiko aukera dago bake iraunkor baterako Euskal Herrian, eta Parisek eta Madrilek baliatu egin behar dute". ETAren pausoei presoen sakabanaketa politika amaituz erantzuteko eskatu zion Le Monde-k Espainiako exekutiboari, neurri horrek senideei kalte egiten dielakoan eta "etengabeko tentsioak" sortzen dituelakoan.

Otsailak 24 (astelehena).

Lokarri herritar sareak bertan behera utzi zuen Donostian Aieteko Adierazpenaren izenpetzaile batzuekin bi egun beranduago egitekoa zuen konferentzia. batzuk. Lokarriren arabera, Auzitegi Nazionalaren eta beste eragile batzuen jarreragatik ez da hau "une egokia" halako topaketa bat egiteko. Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro zen garaiko kabineteburu Jonathan Powell bertan egotekoa zen.

Otsailak 25 (asteartea).

Hala ere, Powell asteazkenean Euskal Herrira etorriko zela baieztatu zen, eragile batzuekin biltzeko.

Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak Euskal Herriko bakegintza ez zuen aipatu ere egin Espainiaren egoerari buruzko saioko hitzaldian –40 orrialde pasatxoko idatzia zeukan–.

Otsailak 26 (asteazkena).

Powellek, besteak beste, Urkullurekin, EAJrekin, Sorturekin eta PSE-EErekin egin zituen bilerak, toki desberdinetan. ETAren armagabetze igarpena baikor baloratzen dutela esan zioten.

EAJk eta Amaiurrek axolagabekeria izatea leporatu zioten Rajoyri, eta honek erantzun zien bakegintzan mugitu gabe segituko duela –[ETAren desarmatzeaz]: "Zergatik egin behar dut nik zerbait?"–.

Otsailak 27 (osteguna).

Brian Currin bitartekaria Euskal Herrira heldu zen, Baionako biharko Bakerako Forumean parte hartu aurretik hartu-eman batzuk burutzeko.

Otsailak 28 (ostirala).

Gaur Frantziako Poliziak Baionako Polizia etxera deitu zituen Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak, "terrorismoari" buruzko galdetegi bat erantzuteko. Parisko Auzitegiak igorri du galdetegia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.