Herenegun Andoainen eta Tolosan atxilotutako bi euskal herritarren egoerarekin kezkatuta azaldu dira Euskal Herriko eragile ugari. Ohartarazi dute Inaxio Otañok eta Iñaki IgerategikGuardia Zibilaren eskuetan inkomunikatuta jarraitzen dutela eta «torturatuak izateko arriskuan» daudela. Hori hala, eta «inkomunikazioak dirauen bitartean», datozen egunetarako antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute. Nabarmendu dute euskal gizartearen antolakuntza eta konpromisoa ezinbestekoak izango direla Espainiako eta Frantziako estatuen «errepresio estrategia» amaitzeko. «Euskal gizartea da gertatzen ari den aldaketa politikoaren protagonista nagusia».
Herenegun atxilotu zituzten Otaño eta Igerategi. Haien etxeak miatu ostean, Madrilera eraman zituzten, inkomunikatuta. Berri agentzien arabera, «ETArekin kolaboratzea» leporatu diete bi euskal herritarrei. Espainiako Auzitegi Nazionaleko seigarren instrukzio epaitegiak agindu du polizia operazioa, eta, betiere agentzien arabera, Frantziako Justiziak eskatu du haiek atxilotzeko, Xabier Lopez Peña 2008an Bordelen atxilotutako ETAko kideari atzemandako agiriak aztertu ostean.
«Orain, haien egoeraz, inkomunikatuta daudela besterik ez dakigu. Inkomunikatuta. Tortura arrisku bizian», ohartarazi dute Gernikako Akordioaren sinatzaileek. Agerraldi bat egin zuten atzo eguerdian Donostian, atxilotuei elkartasuna adierazteko eta datozen egunetan egingo diren ekintzetan parte hartzera deitzeko. Han izan ziren ezker abertzalea, Aralar, EA, Alternatiba, LAB, EILAS, EHNE, Bilgune Feminista, TAT, Behatokia, Herrira, Gazte Independentistak eta ESAIT. Arratsaldean, berriz, Gernikako Akordioaren ordezkaritza bat, Andoaingo bi zinegotzi eta atxilotuen senideak EAEko Ararteko Iñigo Lamarcarekin bildu ziren.
Arratsaldean ere, Andoaingo Bastero kulturgunea jendez lepo bete zen atxilotuei eta haien senide eta lagunei elkartasuna eta babesa adierazteko. Ondoren elkarretaratze jendetsu bat egin zuten udaletxeko plazan. Han izan ziren Otaño eta Igerategiren senideak eta haien lagun eta lankideak, BERRIA Taldeko eta Gipuzkoako suhiltzaile taldeko langile ugari, tartean. «Mobilizazio iraunkorren bitartez», euskal herritarren «gehiengo zabalaren iritzia» kalera ateratzeko deia egin zuten. Gaur, berriz, atxiloketok gaitzesteko mozio bat eztabaidatuko dute udalbatzarrean.
Ipar Euskal Herritik ere salatu dute azken polizia operazioa. Ohar batean, «errepresio mota guztiak lehenbailehen amaitzeko» eskatu dute, besteak beste, AB, Batasuna eta NPA alderdiek eta Giza Eskubideen Ligak.
Elkarrizketaren garaia
Gernikako Akordioa sinatu duten eragileek gogor kritikatu dute azken polizia operazioa, etanabarmendu dute Euskal Herrian ireki den «aro berrian» atxiloketek «lekurik ez» dutela; euskal gatazkaren konponbidea «mahai batean eta hitzen bitartez» etorriko dela azpimarratu dute. «Gizarte heldua gara. Horregatik estatuek beraien errepresio estrategia lehenbailehen bertan behera uztea eta alde guztien arteko elkarrizketa politikoa nahi dugu», adierazi dute.
Eragile horien arabera, konponbide prozesuan «urrats nabarmenak» egin dira azken urtean. Gaineratu dute, halaber, Espainiako Estatuko agintariek onartu egin dutela aro berri bat ireki dela, baina azken polizia operazioa konponbide prozesuaren aurkako norabidean doala salatu dute. «Aro berri honetan, ez dugu atxiloketarik onartzen. Euskal Herriko gizarteak ez duelako iraganera itzultzea onartzen», esan dute.
Eragile horiek bereziki kezkatuta agertu dira atxilotuek inkomunikazio aldian jaso dezaketen tratuarekin. Gogoratu dute iazko apirilaz geroztik ez dela atxilotutako inor inkomunikatu, eta ez dela tortura salaketarik egon. Denbora tarte horretan, baina, inkomunikazioa amaitzeko borondate politikorik ez dela egon salatu dute. «Giza eskubideen ikuspegitik gizakiaren aurkako eraso itzela izanda, ez dago erdibidean gelditzerik», gaineratu dute.
Polizia operazioa. Atxiloketak Gipuzkoan
Azken atxiloketak salatzeko mobilizazioetara deitu du Gernikako Akordioak
«Errepresioa lehenbailehen amaitzeko» eskatu dio Espainiako Estatuari: «konponbide garaia da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu