Azken hilabetean 50 bat izurde agertu dira hilik kostaldean

Ambar elkartearen arabera, litekeena da zetazeoen heriotzen eragileetako bat egungo arrantza teknikak izatea

Arnaitz Lasarte.
Donostia
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Otsailaz geroztik, 50 bat izurde hilik agertu dira kostaldean. Azkena, atzo, Lapurdin. Ilazki Goenaga Ambar itsas fauna ikertzeko eta babesteko elkarteko kidearen arabera, negua iristearekin batera «ohikoa» da zetazeo batzuk hilik agertzea. Nolanahi ere, Goenagak adierazi du aurten kopuru horrek «modu kezkagarrian» egin duela gora. Izurde batzuk «modu naturalean» hil dira: «Kantauri itsasoko bizi-baldintzak oso gogorrak dira neguan». Zetazeo asko beste arrazoi batzuengatik hil direla uste dute, ordea, Ambar elkarteko kideek. Egungo arrantza teknikek, adibidez, animaliei kalte egiten dietelakoan daude. «Errua ez da arrantzaleena soilik. Gauzak ondo egiten ari ote garen denok hausnartu behar dugu». Izurdeen heriotzak eragiten dituen hamaika arrazoi dagoela azaldu du Goenagak. Itsasoko zirkulazioa hazi izana da horietako bat, esate baterako: «Itsasontziek zetazeoak zapaldu egiten dituzte, eta kutsadura akustikoak ere arazo ugari sortzen dizkiete».

Elkarteak dituen datuen arabera, Frantziako kostaldean ere hildako izurdeen kasuak ugaritu egin dira. Hori dela eta, Ambar elkartea harremanetan jarri da Frantziako elkarteekin. «Elkarlanerako prest gaude gu. Informazioa trukatzea garrantzitsua da animaliak zergatik hiltzen diren argitzeko».

«Begiak irekitzen ari gara»

Goenagaren esanetan, itsasoa etengabe mezuak bidaltzen ari da, gauzak «oker» egiten ari direla ohartarazteko. Baina erakundeei zein gizarteari kostatu egiten zaie benetako pausoak ematea: «Ahoa betetzen zaigu jasangarria eta horrelako hitzekin, baina ez dugu beharrezko neurririk hartzen». Goenagari «harrigarria» iruditzen zaio betidanik itsasoari «hain lotuta» egon den herri bat «hainbeste urtean begiak itxita egotea». Hala ere, adierazi du gero eta herritar gehiagok egiten diola kasu itsasoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.