Beste bi eraso matxista Euskal Herrian. Barakaldon gertatu dira, Bizkaian. Udalak eman du erasoen berri: argitaratutako informazioaren arabera, erasoak atzo eta gaur gertatu dira. Atzokoari dagokionez, emakumezko batek salatu du bikotekideak bortxatu egin duela. Ertzaintzak ikerketa bat abiatu du, eta, udalak jakinarazi duenez, biktimak babes psikologikoa eta juridikoa jaso du jadanik. Beste eraso matxista gaur gertatu da, goizaldean. Oraingoz ez dute eman hari buruzko informaziorik.
Halaber, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du atzo gizonezko bat atxilotu zutela indarkeria matxistarekin loturiko delituak egotzita, Barakaldon.
Barakaldoko Udalak erasoen kontrako mahaira deitu du gaurko. Mahaia hiriko elkarte feministek, emakume taldeek, poliziek, LGBTI kolektiboek eta herriko talde politikoek osatua da, besteak beste. Zer gertatu den aztertu eta erantzuna emateko ekintzez jardun dute bilkuran. Hala, Barakaldo-Argitan emakumearen arreta zentroak elkarretaratzea egitera deitu du biharko. Arratsaldeko 18:30ean eginen dute protesta, herriko Udaletxe plazan.