"EPPK altxor politiko bat da estatuentzat", adierazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Xabin Juaristik. "Giza sufrimenduan oinarritzen den politikarekin etekin politikoak eskuratu nahi dituzte", salatu du.
Kosta ala kosta, estatuen helburua espetxealdia ahalik eta gehien luzatuaraztea dela salatu dute. "Horixe da helburua, mendeku politikoa eta xantaia". Jokabide horri "terrorismoa" deitzen zaiola azpimarratu dute: "Bestela zer izen jar dakioke Iñaki de Juanari egin diotenari?". Bi iritzi artikulu idazteagatik, De Juanak 96 urteko zigor eskaera duela azaldu dute. "20 urte espetxean eduki ondoren, ia askatzera behartuta zeudenean, prozedura berri eta higuingarri hori ireki diote", gaineratu du Juaristik.
Hori guztia eta beste hainbat arrazoi direla medio dei berezia egin diote euskal gizarteari presoen aldeko "indarrak biderkatzeko" eta bihar herri guztietan egingo diren presoen azken ostiraletako elkarretaratzeetan parte har dezan.
"Zapatero egiten dugu Joni gerta dakiokenaren erantzule"
Enrike Letona Jon Etxera plataformako kidea da eta Agirreren egoeraren berri eman du. Jon Agirre Arrasaten atxilotu zuten 1981ean, hainbat zigor ezarri zizkioten eta guztiak batuta 30 urteko kartzela zigorra gelditu zitzaion. "Jon aspaldi dago osasun arazoekin", azaldu du Enrike Letonak. "Malagako espetxean ohean gelditu zen mugitu ezinik, eta orduan, Arrasate eta Aramaioko herritarrak mugitzen hasi ginen familiaren deiari kasu eginez".
Azkenean Langraitzeko espetxera ekartzea lortu zuten. Donostia Ospitalean hainbat ebakuntza egin zizkioten Agirreri, besteak beste aldaka edo mokorreko mugikortasuna berreskuratzeko. "Ebakuntza egiterakoan, bihotzean, fibrilazio aurikularra zuelako konturatu ziren, eta horri gehintzen badiogu hipertentsioa, hiperuzemia, neuropatia diabetikoa, eta diabetea duela, bere egoera oso larria da", gaineratu du.
Horren guztiaren aurrean, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentea egin dute Jon Agirre euskal presoari gerta dakiokenaren erantzule. "Zapaterok gatazka gainditzeko prozesua aurrera doala esaten du, baina guk ezin dugu gauza bera esan", adierazi du Letonak. Izan ere, Agirrek eta gaixorik dauden beste preso guztiek, "edota zigorra bete duten" preso guztiek espetxean jarraitzen dutela gogorarazi dute.
Gaineratu dute eza daudela zerura begira geratzeko prest eta kalera aterako direla "Jon eta beste guztiak etxean ikusteko". Deia egin diete euskal herritar guztiei antolatuko dituzten ekintza guztietan parte har dezaten.
Mobilizazioak Iñaki de Juanaren alde
Ibaetako Foroak deituta hogeita hamar lagun inguruk elkarretaratzea egin dute Espainiako Gobernuak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrean. PSOEko gobernuari presoekin duen jarrera alda dezala eskatu diote Euskal Presoak Euskal Herrira leloa zeraman pankarta bati eusten zioten bitartean.
Bestetik, gose greban dagoen Iñaki de Juana euskal presoaren bereziki kezkatuta azaldu dira. Datorren astelehenean, presoari babesa emateko, Algecirasko ospitaleraino foroko ordezkaritza bat joango dela gogorarazi dute. Javier Gonzalez Ibaetako Foroko bozeramaileak salatu du azken urtean euskal presoen egoera "okertu egin dela".
Bilbon, aldiz, bost lagunek udaletxeko osoko bilkura eten dute Iñaki de Juanaren aldeko oihuak eginez. Euskal presoaren aldeko pankartak ere zabaldu dituzte. Udaltzainek aterarazi egin dituzte presoen aldeko ekintza burutu duten bost lagunak.
Presoak
Azken ostiraletako elkarretaratzeetan parte hartzeko deialdi berezia egin du Askatasunak
"Presoen aldeko oihartzuna" biderkatzeko eta bihar herri guztietan egingo diren azken ostiraletako elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egin die gaur Askatasunak herritar guztiei. EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa xantaia egiteko erabiltzea leporatu diete Espainiari eta Frantziari. Jon Agirre euskal preso arrasatearraren egoera salatu du Askatasunak. Agirrek urriaren 28an beteko du zigor osoa baina 'Parot doktrina' aplikatu diote eta beste bost urte egin beharko ditu espetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu