Jorge Aldekoa Bilboko ertzain etxeko arduraduna zen Iñigo Cabacas gaztea hil zuten gauean. Toki horretan egonda, lehen eskuko informazio pribilegiatua izan behar luke egun hartako operatiboaz eta gertaerez. Aldekoak, ordea, azken unera arte babestu du Ugarteko ezizeneko ofiziala (Iñaki Larrea). Ugartekoren gainean zalantza handiak daude, hari leporatzen baitiote "sartu daukagun guztiarekin, hustu lekuak, eta orduan egongo da egoera kontrolatua" esaldia, grabazio batek jasoa.
Epaiketan, ordea, Aldekoak berriro babestu zuen Ugarteko. Aldiz, egoera "kontrolatuta" zegoela eta esku hartze gehiagoren beharrik ez zegoela zioen agenteari egotzi zion gertatutakoaren erantzukizuna: "Arduraduna han dagoena da; arduraduna bada, arduraduna delako, eta arduraduna ez bada, ertzaina bera da bere ekintzen arduradun", esan zuen Aldekoak.
Epaiketan zeudenak harritu zituen esaldi bat baino gehiago esan zuen. Besteak beste, hau: "Erabakia hartu zuen zeukan informazioarekin, eta ez zekien pilotek hil egiten zutela".