Espainiako Gobernua hezkuntzan prestatzen ari den erreformak azken urteotako «zentralista eta basatienak» direla azaldu du Ikasle Abertzaleak taldeak; horiek salatzeko eta «Euskal Herriak behar duen hezkuntza burujabea» aldarrikatzeko asmoz,protesta deialdia egin du urriaren 11 eta 12rako.
Hilaren 11n greba egingo dute ikasleek; beraz, ez dira eskolara joango. Taldeak azaldu du «kalea hartu» eta ozen adieraziko dutela hezkuntza herriratzeko beharra. Baina esan dute ez direla geratuko «aldarri hutsean» eta hurrengo egunean eskolara joango direla «euskal eskola nazionala» eraikitzera; ikastetxean, unibertsitatean, kalean edo gaztetxean, euren nahia aldarrikatuko dute: «herri eskola». Euren helburua, hau da, «euskal eskola nazionala» lortzeko bidea martxan jarriko dutela adierazi dute: «Enpresa eta merkatu kapitalistaren interesetatik urrun, herriarekin eta herriaren garapenerako lan egingo duen unbertsitatea errealitate egingo dugu».
Haizea Solagurenbeaskoa eta Ikoitz Arrese taldearen bozeramaileek, atzo Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako campusean egindako agerraldian, salatu zuten Euskal Herriak ez duela hezkuntzaren gainean erabakitzeko eskubiderik. «Etsaia bakarra da, eta haren izena Jose Ignacio Wert da, Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroa», azaldu zuten, gogor. Gaineratu zuten Wertek «bidelagun» dituela Nafarroako hezkuntza kontseilari Jose Iribas eta Euskal AutonomiaErkidegoko hezkuntza sailburu Isabel Zelaa.
Euskal Herriko ikasleek Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako ikasleekin bat eginez antolatu dute mobilizazio hau: «Nazio bakoitzeko ikasleok arazo propioak ditugu, baina Espainiako Gobernuak inposatu nahi dizkigun hezkuntza erreforma atzerakoiei eta murrizketa ekonomiko basatiei aurre egiteko asmoz, elkartu eta erantzun bateratua ematea erabaki genuen».
Euskaraz ikasi eta bizitzea posible den heziketa eredu baten alde daude ikasleak; «parekidetasunean eta elkarlanean» oinarritutako hezkuntzan sinesten dute. «Txikitasunean handi» diren proiektuetan sinesten dutela azaldu dute: «Etorriko dira erasoak, inposizio eta erreformak, mehatxu eta zigorrak. Baina guk aurrera egingo dugu!», azaldu dute, indartsu.
Mobilizazio ugari
Hilaren 11rako manifestazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herrian. Horrez gain, esan dute hilaren 12an ospatzekorik ezer ez dutela izango, eta egun hori «herri eskoletan» Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren inguruan hitz egiteko erabiliko dute: «Ez dugu inola ere gure hitza noiz entzungo duten zain egoteko asmorik».
Azken urteetako hezkuntza erreforma «basatienaren» aurka grebara deitu dute
Ikasle Abertzaleek Raxoiren gobernuaren azken hezkuntza erreforma salatuko dute hilaren 11n eta 12an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu