Legealdi osoko martxaren argazki bihurtu zen azken osoko bilkura Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo. Erabatekoa da zatiketa bi alderdi nagusien artean: aurrez aurreko gogorra izan dute berriz ere EH Bilduk eta EAJk. Hondakinen kudeaketan, PSE eta PP izan ditu bidelagun EAJk: arauak ez betetzea eta «kalte larria» eragitea leporatu diote Bilduren gobernuari. Bidegi auziarekin, ordea, EH Bilduk izan du gehiengoa, PPren eskutik: EAJ agintari zenean irregulartasunak izan zirela frogatutzat jo dute ebazpenean, eta erantzule jo dituzte Markel Olano eta Eneko Goia. Datorren legealdian ere hizpidea jarriko dute bi gaiek: ikerketa batzorde bana eratuko dutela jakinarazi dute bi ebazpenetan.
Agurren eguna zen atzo Batzar Nagusietan. Besteak beste, azken saioa zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak. Osoko bilkuraren aztergai zerrendan pisu politiko handiko gaiak zituzten, agintaldi osoan zeresan handia jarri dutenak: hondakinen kudeaketa eta Bidegiren auzia. Ikerketa batzorde bana izan dute bi kasuak aztertzeko. Azken ebazpenak bozkatu zituzten atzo, eta aurrez aurreko gogorrak izan zituzten alderdiek, batez ere EAJk eta EH Bilduk. Hitz gogorrak. Akusazioak. Keinuak.
Argudioetan berritasunik apenas izan den. Hondakinen kudeaketari dagokionez, arauei kasurik egin gabe eta gehiengoari bizkar emanez aritzea egotzi diote diputazioari; «kalte larria» sortu da, oposizioaren hitzetan. «Egoera kaotikoa da», salatu du PPk; PSEren ustez, «arduragabea» izan da kudeaketa; «fikziozkoa», EAJren arabera. EH Bilduk erantzun du egoki jokatu duela diputazioak, «birziklatzearen eta berrerabiltzearen alde», errauste planta ez eginez. Zulo ekonomiko handia luke plantak, koalizioaren iritziz.
Bidegiren auziaren soka
Azken asteetan, nolanahi ere, Bidegi auziak sortu du polemika EH Bilduren eta EAJren artean. AP-1 autobidean egin gabeko lanengatik ordaindu zutelakoan, auzitara jo du aldundiak. 3,4 milioiko iruzurra salatu zuen hasieran, baina joan den ostiralean kereila zabaldu zuen: beste hamar milioiren salaketa egin du. Bidegiko zuzendari tekniko ohia eta bi enpresatako ordezkariak inputatuta daude.
Lehen salaketa aztertu dute batzordean, eta frogatutzat jo dute Basagoitiko lur biltegian ez dagoela sinatu adina lur: 900.000 metro kubo falta dira. Hortik ondorioztatu dute egin gabeko lanengatik pagatu zietela eraikitzaileei.
Olanok eta Goiak kasu horren «zuzeneko ezagutza» zutela eta, haien jarduna gaitzetsi dute txostenean. «Mendeku politikoagatik» egin dutela salatu du EAJk. «Modu zikinean ari zarete Olanoren eta Goiaren kontra, modu garbian ez diezuelako irabazi». Irmo aritu zen Eider Mendoza batzarkide jeltzalea. Ohar egin zien, gainera, Garitanori eta Larraitz Ugarte Bide Azpiegituretako diputatuari: EAJk gaia ez duela besterik gabe utziko, «zuek zaudeten tokian egon». Politika lagatzekoak dira Garitano eta Ugarte.
Biak fiskalari, biak berriro
Taldeen arteko eztabaidaren erdian, hitza eskatu zuen Garitanok. «Erantzukizun gehiago eta mehatxu gutxiago», esan zion EAJren ordezkariari. Ahaldun nagusiaren arabera, zantzuak agertu dira, eta salatzeko betebeharra zeukaten: «Ez dugu jarri oilategia nahasteko. Jarri behar genuelako jarri dugu salaketa auzitegian». Ustelkeria gaitzetsi zuen, eta diputazioaren defentsa egin: «Gobernu honek hanka sartuko zuen askotan, baina eskua, inoiz ez».
Bi ebazpenak, hondakinei buruzkoa eta Bidegirena, behin betiko onartu dituzte, baina ez dira hor amaituko. Bi txostenak fiskalari bidaliko dizkiote, delitu zantzurik ikusiko balu esku hartzeko —hondakinena Europako Batzordeari ere igorriko diote—. Datorren legealdian ere hizpide izango dira bi kasuak: ikerketa batzorde bana egingo dutela adierazi dute bi ebazpenetan. Hondakinena, «erantzukizun politikoak» argitzeko; Bidegirena, halako kasu gehiago ba ote den ikertzeko.
Azken xake partida Gipuzkoan
EH Bilduren eta EAJren arteko aurrez aurrekoa bistan geratu da Batzar Nagusietako azken saioan ere.Hondakinen kudeaketa eta Bidegiren aurreko jarduna gaitzetsi dituzte.Biak ikertzen segituko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu