Bi minutu eta erdi inguru eta adarkadarik ez. Horrelakoak izan dira Iruñeko aurtengo sanferminetako entzierroak —iaz ere bai—. Bigarrengoan baino ez ziren izan adarkadak, Cebada Gagoren zezenekin (hiru).
Gaur, festetako azkeneko entzierroan, Torrehandilla/Torreherberos ganadutegiko zezenek 2.33 minutukoa egin dute eta ez dute inor adarkatu. Zezen gorri batek markatu du karrera: Udaletxe Plazan aurrea hartu eta abiada bizian joan da zezen-plazaraino. Hiru bat korrikalari aurretik eraman ditu, baina adarkatu gabe.
Zezen-plazan arrisku une handi bat izan da, azkeneko zezenarekin: entzierroa ezagutzen ez duen lagun bat zuhurtziarik gabe gainera joan zaio, eta zezenak bota egin du. Dobladore batengatik geratu da hura handiagoarik hartu gabe.
Buruan kolpea hartuta bi lagun erietxera eraman dituzte.
Aurreko zazpi entzierroetan ospitalera eramandakoen artetik bi baizik ez daude oraindik ingresatuta, adarkadekin. Atzerritarrak dira biak.
Uztailak 8. 2:29. Adarkadarik ez. Ganadutegia: Miura.
Uztailak 9. 3:32. Hiru adarkatu. Ganadutegia: Cebada Gago.
Uztailak 10. 2:20. Adarkaturik ez. Ganadutegia: El Pilar.
Uztailak 11. 3:12. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Fuente Ymbro.
Uztailak 12. 2:23. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Victoriano del Rio.
Uztailak 13. 2:23. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Juan Pedro Domecq.
Uztailak 14 (gaur). 2:33. Adarkaturik ez. Ganadutegia: Torrehandilla/Torreherberos.