Barañaingo alkate Josu Senosiainek (PSN) agindutako galarazpenaren muinean "gaizki-ulertua" egon dela nabarmendu dute Batzorde Eragileko kideek gaur eguerdian; funtsean, Udalak ulertu zuela alderdi baten ekitaldia izango zela, eta halakorik ez dela argitu behar izan dietela. Elkarrizketa horietan alkatearen jarrera ez dela txarra izan agertu dute Nazio Eztabaidaguneko iturriek, baina, hala ere, "arazo gaindiezinak" zeudela sumatu dutela, eta, beraz,arazoa gehiago nahastu baino nahiago izan dutela ekitaldia lekuz aldatu.
Ekitaldi garrantzitsua
Nolanahi ere, afera horrez gaindi, Aberri Eguneko ekitaldia "garrantzitsua" eta itxaropena sortzeko modukoa dela nabarmendu du Nazio Eztabaidaguneko Batzorde Eragileak: hain justu, gatazka konpontze aldera Alderdien Mahaia sortzeko saioa egingo delako, eta nazio eraikuntzan aurrera egiteko Nazio Garapenerako Biltzarra eratu nahi delako. "Igandean zabalduko den fase berri horretan Alderdien Mahaia eta Nazio Garapenerako Biltzarra sortzeko saioa egingo dugu. Espero dugu emaitza onak izatea, eta bi arloetan, Alderdien Mahaian zein Nazio Garapenerako Biltzarrean, ahalik eta parte hartze anitzena izatea eta ahalik eta iritzi gehien bermatzea", esan du Martin Aranburuk.
Funtsean, orain arteko ibilbidea batzen duen liburua aurkeztuko dute igandean. Hain zuzen ere, lehen faseko diagnostikoak eta bigarren faseko proposamenak biltzen ditu argitalpenak, gatazkaren konponbidearen ingurukoak zein nazio eraikuntzari buruzkoak.
Era berean, nazioarteko ordezkaritzen babesa jasoko du Aberri Egunean Nazio Eztabaidaguneak; hala nola, Yenny Lefika Ehetty Hego Afrikako Alerdiko Komunistako zein ANC Afrikako Batzar Nazionaleko kidea, Lloyd Quinan Eskoziako Parlamentuko diputatua zein Alex Maskey Belfasteko alkate ohia izango dira Barañainen. Horiez gain, Korsikako, Faroe Uharteetako, Kataluniako zein euskal diasporako kideek ere parte hartuko dute.
Aberri Eguna
Azkenean, Iruñeko Tres Reyes hotelean egindo du Nazio Eztabaidaguneak Aberri Eguneko ekitaldia
Josu Senosiain (PSN) Barañaingo alkatearekin izandako elkarrizketetan "arazo gaindiezinak" sortu direla jakinarazi du Nazio Eztabaidaguneak, eta, ondorioz, Aberri Eguneko ekitaldia Iruñeko Tres Reyes hotelean egitea erabaki dutela. Hasiera batean, Barañaingo (Nafarroa) Auditorioan ospatu behar zuen Aberri Eguna Nazio Eztabaidaguneak, baina atzo jakin zuten Senosiain alkateak debekatu egin zuela. Harrezkero, hainbat harreman izan dituzte alkatearekin zein udaleko taldeekin, "gaizki ulertua" konpontzeko, baina aurrera egitea zaila zela ikusita, ekitaldia lekuz aldatzea erabaki dute. Ordua aurreko bera izango da: goizeko 10:30ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu