Gaur goizean utzi dituzte aske, ustez, Azkoiengo sutea sortu zutelako atxilotutako bost lagunetatik bi. Izan ere, ez dute sutearekin zerikusirik, inguru hartan landatutako marihuana landareekin baizik. Epaileak osasun publikoaren kontrako delitua egitea leporatu die. Atxilotutako Faltzesko beste hiru lagunak, gaur bertan pasatuko dira epailearen aurretik.
Nafarroako Foru Poliziak bost lagun atxilotu zituen atzo Faltzesen, asteazken arratsean piztutako sutearen erantzukizuna leporatuta; mendian arranparrila bat piztuta uztea egotzi zieten.
Sua Faltzesko lurretan dagoen pinudi batean sortu zen, asteazkeneko 17:15 inguruan; beroak, ipar haize gogorrak eta sastraka idortuek bidea erraztu zioten, eta ordu gutxiren buruan 350 hektareatik gora kiskalita zeuden. Sutea itzaltzeko 90 suhiltzaile, 4 helikoptero, 4 hegazkin eta 224 militar joan ziren pinudira. Atzo iluntzerako ia dena kontrolpean zuten, baina oraindik gelditzen ziren zenbait su txiki itzaltzeko. Sutea Azkoiengo herrigunetik 300 metrotaraino gerturatu zenez, 500 herritar inguru ebakuatu behar izan zituzten, baina atzo goizerako etxean ziren guztiak. Azkoiengo Udaltzaingoak esan zuenez, ez zen inor zauritu, ez eta kalte materialik gertatu ere.
Azkoiengo Hirigintza eta Industria zinegotzi Juan Carlos Castillo pozik agertu zen jada ez zegoelako inoren bizitza arriskuan, baina kezka agertu zuen pinudiaren egoeraz: «Herrian daukagun inguru ekologikorik garrantzitsuena da. Sua guztiz itzaltzean ikusiko dugu zenbat denbora beharko dugun eremua birlandatzeko; leku batzuetan lur azpia oso baldintza txarretan dago, eta ezingo da berriro pinurik landatu».
Suteak saihesteko baliabideetan gehiago inbertitu behar litzatekeela adierazi zuen: «Pinu horiek 80 urte zituzten; hemen ez zaigu inoiz halakorik gertatu. Horrelako zerbait gertatzen denean, zeure buruari galdetzen diozu ea benetan horri aurre egiteko moduan al zauden; guk prestatutako suebakiak ez ziren eraginkorrak izan».
Gizartea
Azkoiengo sutea sortu zutelakoan atxilotutako bost lagunetatik bi aske utzi dituzte
Ez dute sutearekin zerikusirik, inguru hartan landatutako marihuana landareekin baizik. Osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta utzi dituzte aske.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu