Azkoitiko (Gipuzkoa) festetan sexu eraso bat jasan zuela salatu du adingabe batek —hilaren 18an izan zen eraso hori—. Segurtasun Sailak adierazi du Ertzaintza kasua ikertzen ari dela; epaileari susmagarri baten izena eman dio. Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak gaitzetsi egin dute erasoa, eta, atzo arratsaldean, ehunka herritarrek elkarretaratzea egin zuten plazan. Hain justu, elkarretaratze hori hasi baino apur bat lehenago jakinarazi zuen Sostenipe talde feministak beste eraso bat ere izan dela festetan: "Abuztuaren 15ean Azkoitian bortxaketa bat izan zela jakin berri dugu. Adin txikiko neska azkoitiar bat bortxatu zuen mutil azkoitiar batek, beren arteko botere harremanaz baliatuta". Anonimotasuna gordetzeko eskatu dute erasoak salatu dituzten bi emakumezkoek.
Hilaren 18ko erasoaren salaketa Ertzaintzaren esku egon da, eta ikerketan salatua identifikatu dute. Auzia epailearen esku utzi dute.
Herri horretan bertan, gizon bat atxilotu zuten larunbatean, bikotekidea jotzea leporatuta. Atxilotuak 24 urte ditu; bikotearekin liskarrean ikusita eraman zuen Ertzaintzak.
Bestalde, gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen indarkeria matxista egotzita. Ustezko erasotzaileak, 24 urtekoak, bere bikotekide ohia jipoitu zuen, baita emakumearen oraingo bikotekidea ere. Erasoa Abetxuko auzoan gertatu zen, aurreko ostiralean, eta biktimak Gasteizko ospitalera eraman zituzten.
Egun berean, joan den ostiralean, beste gizon bat atxilotu zuten Bilbon, kalean bikotekidea jotzea leporatuta. Udaltzaingoak jakinarazi du biktimak salaketa jarri duela tratu txarrengatik.