Uste baino geroago, baina epai zain dago Amaia Azkueren ustezko hiltzailea. Epaiketa atzo gauean amaitu zen, eta zigor eskariak berretsi egin zituzten aldeek: Azkue zenaren familiak eta fiskalak hamar urteko espetxe zigorra eskatu dute akusatuarentzat; defentsak, berriz, gaztea aske uztea nahi du, eta hala eskatu du, uste baitu ez dagoela nahiko froga gazteari hilketa egozteko. Akusatuak berak, azken hitza baliatuz, bera ez dela halakorik egiteko kapaz adierazi dio epaileari. Azken unean, beste eskari bat ere egin du Azkueren familiako abokatuak: gazteari Getariara, Zarautzera eta Oriora joatea galaraztea, herri horietan bizi direlako hildako andrearen senideak. Aste batzuen buruan jakinaraziko du erabakia auzitegiak.
Azken egunetan baino ikusmin handiagoa zen atzo Donostiako Egia auzoko auzitegian. Epaiketa luzatu egin zen herenegun, defentsako abokatuak beste diligentzia batzuk eskatu zituelako, Ertzaintzaren ikerketak auzitan jartzeko helburuarekin. Zehazki, deklaratzera deitu zituen Azkueren hilotza ateratzen aritu ziren hiru suhiltzaile, Ibai-Eder urtegia ikuskatzen aritu ziren ertzainak eta gorpuari autopsia egin zioten auzitegiko medikuak.
Kontraesanik ba ote den jakin nahi zuen defentsako abokatuak. Haren arabera, izan ere, dei bat jaso zuen asteburuan, esanez suhiltzaileek ez zutela lokarririk ikusi Azkueren hilotzean; garrantzia badu xehetasun horrek, lokarri hori baita Poliziak gaztea hiltzailetzat jotzeko erabili duen frogetako bat—gaztearen oinetako batzuetako lokarria zen, Ertzaintzaren arabera—. Hilotza zein egoeratan aurkitu zuten argitzeko, denak batera sarrarazi zituzten aretora, aurrez aurreko gisako batera. Bi orduz aritu ziren.
«Lehen ere bagenekiena baieztatu dute», adierazi zuen Miguel Castellsek, akusazioko abokatuak, ondorioak plazaratzen hasi aurretik egindako atsedenaldian. Bezperan iragarria zuen epaiketa luzatzeko soilik balioko zutela lekukotasun berriek. Hala berretsi zuen atzo ere, auzitegira sartu aurretik: «Etsi-etsian ari da defentsa, batere aukerarik ez duela ikusita». Castellsen esanetan, guztiek berretsi zuten eskuak lotuta zeuzkala Azkuek; suhiltzaileek ere bai, nahiz eta esan zuten, gorpua ateratzen aritu zirenean, ez zutela zehatz begiratu eskuetan.
Azkue hil eta urtebetera ari dira ustezko hiltzailea epaitzen. Azpeitian, Nuarbe auzoko Ibai-Eder urtegian, aurkitu zuten gorpua, indarkeria arrasto nabariekin; buruan zeuzkan kolpeak, harri batekin eginak, eta autopsiak baieztatu zuen kolpe horien ondorioz zendu zela. Lotuta zeuzkan eskuak eta hankak. Ikerketa hasi zuen Ertzaintzak, eta susmagarrien artean sartu zuen akusatua, Azpeitiko gazte bat, 18 urtekoa—hilketa gertatu zenean 17 zeuzkan—. Deklaratzera deitu zuten polizia etxera, eta, ondoren, bere kabuz, fiskalarenera joanda aitortu zuen hilketa gazteak. Adingabeentzako egoitza batean daukate orduz geroztik.
Beste hiltzaile bat
Orain hilabete, ordea, bertsioa aldatu zuen gazteak, berriro bere kabuz fiskalarengana joanda: adierazi zuen beste pertsona batek hil zuela Azkue. Ez zuen ukatu hilketa lekuan egon zela —hori baieztatzen duten frogak badaude—, baina esan zuen pertsona horrek mehatxatu egin zuela, horregatik ez zuela salatu. Ez zuen esan nor zen pertsona hori, deskribapen orokor bat eman zuen soilik.
Epaiketan, lehen saioan, bertsio horri berari eutsi zion gazteak. Adierazi zuen ez zuela Azkue hil, beste pertsona batek hil zuela. Baieztatu zuen autostopean hartu zutela Zarautzen, emakumearen autoan; akusatuaren esanetan, ordea, ordurako hiltzailea zihoan autoan, eta hark behartuta joan zen Ibai-Eder urtegira.
Deklarazio horri jarraituz, epaiketan zehar defentsa ahalegindu da azaltzen ez dagoela gaztea hilketaren erantzule egiteko frogarik. Ertzaintzak batutakoak dira gaztearen aurkako froga nagusiak: haren DNA aurkitu zuten Azkueren autoan, gidariaren aldean, eta eskularru batzuetan ere bai; eskularru horiek ibilgailuko objektu batzuekin batera agertu ziren, zaborrontzi batean. Horrekin batera, Poliziak frogatu du gaztearen oinetako batzuk erabili zituztela Azkue lotzeko; froga hori ezbaian jartzen saiatu zen atzo defentsako abokatua, baina, akusazioko abokatuaren arabera, ez zuen lortu, lekuko guztiek baieztatu zutelako polizia txostenak dioena. Nolanahi ere, Castellsek atzo jakinarazi zuen hiru lotura zeuzkala Azkueren gorpuak: bi zinta batekin, eta bestea, lokarriz.
Defentsak dioenaz beste, akusazioek uste dute baietz, badagoela nahikoa froga gazteari hilketa leporatzeko. Ez dute ontzat jotzen gaztearen bigarren bertsioa, hilketa beste pertsona bati egotzi izana. Oinarririk ez diote ikusten. Errepideko kamera batzuen irudiak hartu dituzte horren erakusgarri; mutilak aipatzen duen beste pertsona hori ez da agertzen kamera horietako irudietan. Areago, frogatzat daukate gazteak bere kabuz egindako aitortza ere; ordurako, nolanahi ere, susmagarrien artean zeukan Poliziak, haren oinetako batzuetako lokarria erabili zutelako Azkue lotzeko. Ondoren egindako DNA probek berretsi zuten Azkueren autoa erabili zuela akusatuak.
Horiek horrela, bost delituren errudun jotzeko eskatu dute akusatuek: hilketa, lapurreta —dirua atera zuten Azkueren kontu korrontetik—, ibilgailuaren lapurreta —hildakoaren autoa erabili zuten—, bideko segurtasunaren aurkako delitua —17 urte zituen ustezko hiltzaileak; beraz, gidabaimenik gabe gidatu zuen ustez autoa—, eta hilotz bat profanatzea —Azkueri eraztun bat kentzen saiatu ziren—. Hamar urteko espetxe zigorra nahi dute horregatik —zigorra espetxean betetzeko eskatu dute, nahiz eta, ustezko delituak egindakoan adingabea zenez, adingabeen legearen arabera ari diren epaitzen—. Defentsak, berriz, gaztearen aurkako auzia ixtea galdegin du.
Kanpoan, elkartasuna
Epaiketa egiten aritu diren egun guztietan izan dira senideak auzitegian; azken egunetan baino gehiago batu ziren atzo. Azkueren familiarentzat zama ari da izaten, abokatuaren esanetan: «Lehenbailehen amaitzea nahi dute, epaiketak esan nahi baitu zauria irekita mantentzea». Kanpoan egunotan protesta egin dutenek ere atzo izan zuten azkena. Hotzari eta euriari aurre eginez, dozena bat lagunek egin zuten elkarretaratze isila ia lau orduz. Bi lelo erabili zituzten karteletan: Guztiok gara Amaia eta Justizia Amaiarentzat. Auzia epailearen mahai gainean dago. Denbora epe laburrean emango du sententzia.
Azkue ustez hil zuenarentzat urruntze aginduak eskatu ditu akusazioak
Defentsak eskatutako testigantza berriek ez dutela datu berririk ezagutarazi adierazi du Miguel Castellsek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu