Azkueren hilketari buruzko epaiketan lekuko egin duen pertsona bati eraso diote

Elkarretaratzeak egin dituzte Urola Kostako hainbat herritan; etzi amaitzekoa da auzia Donostiako epaitegian

Orioko herriko plazan elkarretaratzea egin zuten atzo, Azkueren hilketaren urteurrenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Amaia Azkueren hilketari buruzko epaiketan lekukotasuna eman zuen pertsona bati eraso egin zioten atzo goizean Azpeitian, Nuarbe auzoan (Gipuzkoa). Ertzaintzak BERRIAri baieztatu dio goizean, 11:25 aldera, jaso zutela abisua Azpeititik. Osasun etxean pertsona bat artatzen ari zirela jakinarazi zieten; buru ondoan zeukan kolpea. Donostiako Ospitalera eraman zuten. Arratsaldean jarri zuen salaketa, eta adierazi bezperan epaiketan deklaratu zuela.

Azkue hiltzeaz akusatu duten mutilaren hurbileko pertsona da erasoa pairatu duena. Salaketan azaldu duenez, motozale batek eraso zion, eta iraindu ere egin zuen. Argitzeko dago, hala ere, zauritutako andrea noren eskariz aritu zen lekuko gisara epaiketan. BERRIA harremanetan jarri zen atzo arratsean Miguel Castells akusazioko abokatuarekin; hark, ordea, ez zuen erasoaren berririk, eta ezin izan zuen jakinarazi haren eskariz edo fiskalak edo defentsak eskatuta joan ote zen emakumea deklaratzera. Nolanahi ere, Castellsek adierazi zuen «oso arraroa» dela gertatutakoa.

Astelehenean hasi zen epaiketa, eta 50 lekukotik gora pasatu dira auzitegitik. Guztiek deklaratu dute jada, eta epaiketa etzi amaituko da. Froga dokumentalak aurkeztuko dituzte, eta, horren ondoren, azken eskariak egingo dituzte aldeek. Castellsek esan du «joan zitekeen ondoen» joan dela epaiketa. «Berehala» espero du sententzia jasotzea.

Hil zutela urtebete

Atzo bete zen urtebete Azkueren hilotza aurkitu zutela. Indarkeria arrasto nabariekin agertu zen, Nuarbeko Ibai-Eder urtegian. Urteurrenaren harira, elkarretaratzeak egin zituzten atzo Urola Kostako herrietan, eskualdeko talde feministek antolatuta. Isilik egin zuten protesta.

Aste osoan elkarretaratzeak egin dituzte auzitegiaren atarian, eta atzo ere egin zuten. Han izan zen Zarauzko alkatea, Juan Luis Illarramendi. Justizia egin behar dela adierazi zuen: «Familia garai oso txarrak pasatzen ari da, eta justizia eskatzen dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.