politika

Azkuna: "Batasunak indarkeria gaitzestea nahi dut, hauteskundeetan parte hartu edo ez berdin zait"

2007ko martxoaren 12a
18:43
Entzun
"Ni kezkatzen nauena da HBk, edo Herri Batasunak, edo dena delakoak, ez onartzea indarkeria gaitzestea edo bide politikoa hartzea. Hemen hori da baldintza, hau da, ETAk egiten duen guztia gaitzestea. Nahi du edo ahal du HBk hori egin? Zeren eta beste guztia horren ondorio da: manifestazio bat egin nahi du, eta epaitegiek ezetz esaten diote. Eta Ertzaintzak hori bete egin behar du, Auzitegi Nazionalak edo beste norbaitek agindu. Eta gero datoz istiluak, eta Bilbokoak kristorenak izan ziren", erantzun du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak Radio Euskadin, Askatasunak antolatutako manifestazioa galaraztean izan ziren istiluei buruz galdetu diotenean.

"Nik nahi dut [Batasunak] indarkeria gaitzestea", esan du indar politiko horrek hurrengo hauteskundeetan parte hartzea nahiko lukeen galdetu diotenean. "Hauteskundeetara aurkeztea edo ez berdin zait, hori euren arazoa da. Helduak dira eta badakite aurkeztu ahal izateko urrats bat egin behar dutela, 30 urtean emateko gai izan ez diren urrats bat".

Espainiako Alderdien Legearen kontra galdetu diote hurrena, eta baietz erantzun du, baina "salbuespenezko" neurri den heinean arbuiatu du lege hori. "Uste dut Alderdien Legea salbuespenezko zerbait izan zela, eta desagertu egin behar duela, salbuespenezkoa den guztiak desagertu behar duen moduan. Alderdien Legeak desagertu behar du, baina arazoa ez da Bilboko alkateak esatea Alderdien Legea kendu behar dela, edo HB aurkeztea nahi duen edo ez. Ez, ez. Une honetan denok ezetz esan behar diogu indarkeriari, eta HBk ez du oraindik esan. Esan du bide demokratikoak nahi dituela... hau da, itzulinguruka dabil. Ez du behar beste ausardiarik izan indarkeria amaitu dela eta bide demokratikoak eta bide politikoak hartuko dituela esateko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.