Azkuna: «Labanadunen aurka segituko dut»

Rodolfo Aresek azaldu du erasotzaileak egindako lehen azterketen arabera buru arazoren bat duela

Bilboko udaletxeko atarian bezperako erasoa salatzeko egindako elkarretaratzea, atzo. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Iñaki Azkuna Bilboko alkateak hiriburuan martxan jarri duen segurtasun politikaren aldeko apustua berretsi du, herenegun Santutxun izandako erasoaren ondoren: «Labanadunen aurkako gerran segituko dut. Gaizkileen kontra egingo dugu, erotuta egon ala ez». Atzo eguerdian egin zituen adierazpenok, udaletxe aurrean Kepa Mallea Olaetxearen hilketa gaitzesteko egindako elkarretaratzean. Ehunka herritarrek hartu zuten parte protesta isilean, tartean Mallearen ikasle izandako zenbait gaztek.

Bilboko udal ordezkariez gain, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente Juan Luis Ibarra eta Eusko jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Ares ere bilkuran izan ziren. Azken horren arabera, Santutxuko ustezko erasotzaileari egindako lehen azterketa medikoek ondorioztatu dute «erabat erotutako pertsona» dela, baina ez du zehaztu zein arazo duen. Sailburuak berretsi du, halaber, atxilotuak ez zeukala aurrekari «larririk».

Aresek zein Azkunak elkartasuna adierazi diote hildakoaren sendiari, eta gainerako biktimei. Era berean, Santutxuko auzoen adorea nabarmendu dute, erasotzaileari aurre egitean «kalte konponezin gehiago egotea» saihetsi zutelako. Aresek berretsi du Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak elkarrekin lan egiten dutela «segurtasun neurriak sendotzen». Azkunak esan du Santutxuko erasoa «edozein lekutan» gerta litekeela, baina prebentzioa indartu behar dela. «Labanadunen aurkako gerran segituko dut», esan du orduan.

Orain bost urte abiatu zuen Azkunak gerra hori. Garaian oso eztabaidatua izan zen, itxura fisikoaren araberako identifikazio eta miaketei bide eman zielako; aldiz, delinkuentziaren erro sozialei jotzeko eskatu zioten gizarte eragileek. Alkateak, ordea, ildo hura berretsi zuen atzo, eta buruko eritasunen bat dutenen gainean zama guztia jartzeaz gain, indarkeria mota guztiak berdintzat jo zituen: «Eroen okerrena da, genero indarkerian gertatzen den bezala, emazteak hil eta gero euren buruaz beste egiten saiatzen direla, baina ez dute lortzen. Zergatik ez ote dute alderantziz egingo, eta gu bakean utzi?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.