Politika

Aznarezek BERRIArako iaz idatzitako txioak erabiltzen ari dira bere aurka jotzeko

Nafarroako Parlamentuko presidenteak, beste zortzi lagunekin batera, sanferminetako txiokronikan parte hartu zuen, uztaliaren 11n sanferminetako bere eguna bederatzi txiotan kontatzeko. Hainbat txiolarik babesa adierazi diote, eta salatu dute modu horretan erasotzea Aznarezi.

Ainhoa Aznarez, Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu zuten egunean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
jon ordonez garmendia
2015eko ekainaren 22a
10:43
Entzun

Ainhoa Aznarez Nafarroako presidente izendatu eta berehala hasi ziren haren kontrako erasoak, BERRIArentzat idatzi zituen txioak erabiliz. Horietako batean, sanferminak hasi aurretik idatzitakoan, uztailaren 5ean, garagardoa edaten ikusten zaio edalontzirik gabe. "Aizue.... hasia naiz sanferminetako giroan!!! Jope.... 5a da!!!", zioen txio horretan. Aznarezek beste zortzi lagunekin batera parte hartu zuen iazko txiokronikan; sanferminetako egun bat bederatzi txiotan kontatzeko eskatu zion euskarazko egunkariak, #9x9 traolarekin. Bere erantzuna hasieratik baiezkoa izan zen, eta eskerrak eman zizkion BERRIAk bere prestutasunagatik.

Sare sozialetan hasi ziren Aznarezen kontrako erasoak, eta orain hedabideetara eraman dute eztabaida zenbaitzuek. El Mundo egunkariak ondoko lerroburua jarri dio: "Horrela prestatzen ditu sanferminak Nafarroako Parlmentuko presidente berriak". Aipatutako txioaz gain, BERRIArentzat uztailaren 11n argazki batekin argitaratutakoa gehitu du. "Badaukat beste aldarrikapen 1 soinean, hau bai dela nire profila: feminista,euskalduna ta errepublikarra!", zioen, eta argazkian egun horretan Aznarezek soinean zeraman txapa erakutsi zuen, non irakur daitekeen:  "Nik erabakitzen dut alutik ateratzen zaidana".

Eztabaida sortu zutenetik, hainbat izan dira, ordea, Aznarezi babesa adierazi diotenak, salatuz astakeria ez dela sanferminetan garagardoa edalontzirik gabe edatea baizik eta hori erabili nahi izatea, urtebete geroago, Nafarroako Parlamentuko presidente izendatu berriari erasotzeko. 

Aznarezez gain, hurrenez hurren, Itziar Gomez, Gaizka Aranguren, Aritz Ibañez, Amaia Cambra, Reyes Ilintxeta, Bakartxo Ruiz, Ion Orzaiz eta Haritz Pascualek parte hartu zuten txiokronikan iazko sanferminetan. Aurten ere izango da, #SFK15 eta #9x9 traolekin. Iazkoa Storifyen dago ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.