M-11, sarraskia Madrilen

Aznarrek esan du "ilegalizatutako elkarteetako bozeramaileei" ez dietela sinesgarritasunik aitortuko

Madrilgo sarraskia argitze aldera, Espainiako Barne Ministerioak ez duela "ikerketa lerro bakar bat" baztertu adierazi du Jose Maria Aznar presidenteak gaur goizean egin duen adierazpen ofizialean. Atentatuen egiletzari buruz, erakunde bakar baten izena ez du aipatu, ezta ETArena ere. Nolanahi, nabarmendu du "ilegalizatutako elkarteetako bozeramaileei" ez dietela inolako sinesgarritasunik aitortuko.

2004ko martxoaren 12a
16:57
Entzun
Atzo bezala, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak ez du ETAren izenik aipatu Madrilgo sarraskiari buruz egin duen agerraldi ofizialean. Hala ere, zeharka, egin ditu ETAri buruzko aipamenak. Besteak beste, esan du "logikoa" dela Espainiako Gobernuak pentsatzea Madrilgo atentatuak erakunde horrek egin zituela: "Urteetan egin dituztenak eginda, logikoa da lehen unetik pentsatzea denok buruan dugun banda horrek egin zituela", esan du Aznarrek.

Gobernuaren kontrako krikek "zilegitasunik ez

Ildo bertsutik, Espainiako Gobernuari gardentasun faltaren inguruko akusazioak egitea ez dela zilegi esan du Aznarrek, eta halakorik egin duten guztiek barkamena eskatu beharko luketela. Zehazki, Jose Blanco PSOEko buruzagiaren aipamena egin du horri lotuta, Gobernuari informazio eskasa ematea leporatu baitio Blancok. "Barne Ministerioak eta Barne ministroak informazio puntuala eman dute", azpimarratu du, eta agintean izan diren 8 urteetan "borroka antiterroristaren inguruko informazioan gardentasuna" izan dutela ezaugarri.

Nolanahi ere, "ikerketa lerro bakar bat" ez dutela baztertu esan du Espainiako Gobernuko presidenteak, baina "ilegalizatutako elkarteetako bozeramaileei" ez dietela inolako sinesgarritasunik aitortuko. Horrela, Arnaldo Otegik eta Batasunak atzo lehen ordutik ETA ez zela esan izanez egindako adierazpenak baliogabetu nahi izan ditu. Izenik aipatu gabe, baina ezker abertzaleko bozeramaileek "erakunde terroristak justifikatzen" dituztela eta haien izenean mintzatzen direla nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.