Antena3 telebista katean elkarrizketatu zuten bart gauean Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia. Kritika zorrotzak egin zizkion Mariano Rajoyk zuzendutako gobernuari, eta, politikara itzultzeko asmorik ote duen galdetuta, ez zuen aukera hori baztertu. "Nire kontzientziarekin, nire alderdiarekin, nire herrialdearekin dudan ardura beteko dut. Ez dut inoiz nire erantzukizuna saihestu", erantzun zuen.
PP barneko ustezko ustelkeria kasuez galdetu zioten. Aznarrek erantzun zuen alderdia "legearen arabera" finantzatu dela beti, eta berak ez duela ordainketa ezkuturik ezagutu. Adierazi zuen politikagintzan presidente eta diputatu lanetan aritzeagatik baino ez zuela dirua jaso, eta gaineratu zergak behar bezala ordaindu dituela beti.
Gogor jo zuen Espainiako Gobernuaren eta El País egunkariaren kontra. Zergak jaitsi egin behar direla adierazi zuen, eta Espainiaren "helburu historikoak" berrezarri egin behar direla. Alderdi abertzaleak "separatistak" bilakatu direla esan zuen, eta azaldu zuen Espainiak eskumen batzuk "berreskuratu" behar dituela proiektu subiranistak saihesteko.
Kazetak atzo argitaratu zuenez, Gürtel sarean nahastutako Francisco Correak ordaindu zuen Aznarren alabaren ezkontzako argindarra —32.000 euro baino gehiago—. Aznarrek "normaltzat" jo zuen ezkontzetan gonbidatuek ezkontideei "opariak" egitea. Gaineratu zuen bere kezka bakarra dela Prisa taldea kaudimen gabe geratzea, "horrela ezingo bailituzke ordaindu ezarriko zaizkion zigorrak".