EUSKARA

Azoka, tailer eta ikuskizunekin ekin diote Euskaraz Bizi egunari Baionan

Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatuta, dozenaka euskaldun batu dira Xaho kai gunean.

Ekitaldi eta zeregin ugari izan dituzte Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
Bidatz Villanueva
2016ko apirilaren 16a
09:59
Entzun

Zerua lainotua izanagatik, dozenaka euskaldun bildu dira EHE Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatutako Euskaraz Bizi jaialdira. Goizeko hamarretan ekin diote, artisauen azokarekin. Marrazteko eta eskulanak egiteko txokoa ere prestatu dute haurrentzat. Gaztelu puzgarriak ere izan dira, eta joaldunak ibili dira Baionako kaleetan barna. Porrotx agertu denean, ordea, arreta guztia harengana bideratu dute. Pailazoaren ikuskizuna hasi aurretik ere, ikusmira sortu du. Hamaikak inguruan bertaratutako guztiak Porrotxen inguruan eseri dira, Xaho kaiaren erdigunean. Gero, 13:30ean bazkaria izan da,  Erramun Martikorena musikariak alaitua.

Pozik agertu da Ainhoa Zestao EHEko kidea: ”Duela zazpi urte hautua egin zen Euskaraz Bizi eguna ospatzeko, eta poliki jaialdia handituz joan da. Aurten, hemen, Lapurdin egitea erabaki dugu, beharra baitago”. Baionako kolektiboekin elkarlana nabarmendu du: “Guztien lanarekin antolatu dugu eguna”. Berrikuntza moduan, bazkariaren antolakuntza aipatu du: “Inguruko baserriko produktuak erabili ditugu, hemengoek egindakoak”. Bazkarirako 150 lagunek eman dute izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.