Azpeitiko Udalak eta Lagun Onak futbol taldeak elkartasuna adierazi diete Garmendipeko aldagelak erabiltzen dituzten neskei. Futbol zelaiko aldageletan zuloak aurkitu zituzten abenduaren 10ean, eta futbol taldeak salaketa jarri zuen hil horren 16an. Garmendipe udal eraikina da, eta Lagun Onak futbol taldeak kudeatzen du, zuzenean.
Auzia epaitegietan dagoenez, "zuhurtzia" eskatu dute futbol taldeak eta udalak, elkarrekin ateratako prentsa oharrean. Gertaera "gertutik" jarraitzen ari direla nabarmendu dute, eta auzia lehenbailehen argitzeko eskatu.
Urola Kostako Hitza-ren arabera, abenduaren 10ean ohartu ziren zuloak zeudela aldagelako horman, baina ez dakite noiztik zeuden; hala ere, ez dute uste denbora asko zeramatenik hor. Jokalariek eurek abisua emanda, abenduaren 10ean bertan jarri zuen klubak salaketa Ertzaintzarenean. Garmendipe futbol zelaian entrenatzen aritzen diren gaztetxoen gurasoei jakinarazi diete zer gertatu den; haiek ere aukera dute salaketa jartzeko.
Getxoko kasua gogoan
Hipotesirik ez dago, baina traza bereko beste kasu bat izan da oraintsu Getxon (Bizkaia), emakumeen aldagelan. Fadurako kiroldegiko aldageletan kamera batzuk aurkitu zituzten, azaroan. Mantentze lanak egiten ari zirela topatu zituzten kamerak; andreak arropa aldatzen ari zirela edo dutxan zeudela irudiak hartzeko moduan zeuden jarrita, atletismoko eta errugbiko taldeetako kideek erabiltzen dituzten geletan. Ikerketa hasi zuen Ertzaintzak, eta 52 urteko gizon bat atzeman zuen, kamerak jartzea egotzita; kiroldegiko bertako langilea zen. Intimitatearen kontrako delitua egotzi zioten; epaileak aske utzi zuen, behin-behinean.
Kasuaren harira, Getxoko Udalak iragarri zuen aurrerantzean aldian-aldian miatuko dituztela aldagelak, badaezpada ere. Azpeitian, Lagun Onak klubak jakinarazi du neurriak hartu dituela.