Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, atzo Ibaieder urtegian (Azpeitia) hilik agertu zen emakumea modu bortitzean zendu zen. Jakinarazi du "buruan eta aurpegian kolpe gogorrak" dituela. Emakumea hilik aurkitu zuten lagunek, berriz, atzo zioten pistola tiro bat duela gorputzean. 17:15ean topatu zuten gorpua haiek, uretan, eta Ertzaintzari abisu eman zieten. Honek balinetako pistola bat aurkitu zuen inguruan.
39 urteko oriotarra da emakumea —Amaia Azkue—. Ezkondua zegoen eta bi umeren ama zen. Getarian bizi zen —Meagas gainean—, eta Zarautzen egiten zuen bizimodua.
Ertzaintza heriotzaren nondik norakoak zehaztu nahian dabil. Jendeak emakumea atzo 12:30ean ikusi zuen azkeneko aldiz bizirik: Zarautzen kafe bat hartu zuen lagun batekin. Ondoren ez zen azaldu bazkaltzera eta umeak eskolatik hartzera. Arratsalde partean haren senarrak, emaztea agertzen ez zela-eta, parte sartu zuen, baina gorpua ordurako Ibaieder urtegian ikusi zuten.
Gorpua Donostiara eraman zuten atzo, autopsia egiteko.