AZPIEGITURAK. 'Euskal Y'-a Nafarroarekin Altsasutik lotzeko eskatu dute EBk eta Aralarrek

AHT 2010erako bukatzeko, Madrilekin lan egiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari

Erredakzioa
2006ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Euskal Y-a Nafarroarekin Altsasutik (Nafarroa) barrena lotzeko eskatu dute EB-Berdeek eta Aralarrek, Elorriotik (Bizkaia) beharrean. Bi talde horien hitzetan, bere garaian ere Hego Euskal Herriko lau herrialdeak lotzeko trenbidea Altsasutik barrena egin zen, «eta orain ere biderik egokiena eta logikoena da». Gainera, ibilbide horrekin ingurumenari «kalte gutxiago» egingo diotela uste dute.

Eusko Legebiltzarraren atzoko oso bilkuran Abiadura Handiko Trena (AHT) izan zuten hizpide. Legez besteko proposamen bat onartu zuten, EAJ, EA, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. Proposamenak dio AHTk 2010. urterako bukatuta egon behar duela eta horretarako Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Espainiako Sustapen Ministerioarekin elkarlanean aritzeko. Halaber, Euskal Y-a Nafarroarekin lotzeko aukera aztertzeko eskatzen dio Jaurlaritzari, «Nafarroako eta Espainiako Gobernuarekin elkarlanean». EBk ez zuen bat egin bere gobernukideekin, eta Aralarrekin aurkeztutako proposamenaren alde egin zuen. Proposamen horretan, Nafarroarekin lotura Altsasutik egiteko eskatu diote Espainiako Sustapen Ministerioari. Altsasuko lotura argitu bitartean obrak geratzeko eskatu zuten. «Helburua Hego Euskal Herriko lau hiriburuak batzea baldin bada, eztabaida hori egin behar dugu; hori da proposatzen duguna», azaldu zuen Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak. Oskar Matutek (EB-Berdeak)Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Euskal Y-aren ibilbidearen aurka daudela gogorarazi zuen, eta ibilbide «eramangarriago» baten alde egin zuen, «herria egituratu dezakeena». Juan Antonio Arieta-Araunabeñak (EAJ) argitu zuenez, bi gobernuak Altsasuko aukera aztertzen ari dira. «Lotura hortik egiteak ez du orain arte egin dena ezertarako aldatuko». PSE-EEk, berriz, obrak geratzeko aukera baztertu zuen: «Orain arte jada nahiko atzerapen izan da; seguruena, guztion erruagatik». PPkoa ere antzera mintzatu zen. Borja Semper legebiltzarkidearen hitzetan, Euskal Y-aren proiektuak atzerapen asko izan ditueta Nafarroarekin lotura egokiena zein den azaltzea teknikariei dagokiela azaldu zuen.

Ezker Abertzalea aurka

Ezker Abertzaleak bi proposamenen aurka bozkatu zuen. Julian Martinezen esanetan, Aralarren proposamena «antzua» da, eztabaida «partziala» proposatzen duelako eta «gizartearen gehiengoaren nahiarekin bat ez datorrelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.