AZPIEGITURAK. Urte eta erdiko atzerapenez bukatuko dute Eibar-Gasteiz, egiten hasi zirenetik 10 urtera

Atzerapenak gainkostu handia izango du, eta Araba eta Gipuzkoa formulak bilatzen ari dira aurre egin ahal izateko

inaki petxarroman
2008ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Hasi eta hamar urtera. Aurreikusi baino urte eta erdi geroago amaituko dituzte -dena ondo badoa- Eibar-Gasteiz edo Ap-1 autobideko lanak.

Iaz sasoi honetan jakinarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Ap-1 ezin izango zutela 2007 amaieran zabaldu, hasieran pentsatu bezala. Arlabango tunelean aurkitutako 16 anhidrita zainek obrak atzeratzera behartu zituzten. Mineral horrek hezetasuna xurgatzen du, eta hori egitean, igeltsu bilakatzen da. Hala, haren jatorrizko bolumena %60 handitu daiteke hezetasuna xurgatzean, eta horrek tunelaren estalkian zuzeneko eragina du.

Denbora luzea daramate arazo tekniko horretan lanean, eta azken ukituetan ari direla esan du Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia Bidegiko zuzendari Borja Jauregik. «Obrak azken txanpan daude, eta hilabete gutxitan autobidea martxan jartzeko ahaleginean ari gara. Arlabango tunel barruan ari gara lan gehiena egiten. Uda hasieratik segurtasun eta kontrol tresnak ari dira jartzen tunel barruan (argiztapena, seinalizazioa, aireztapena, kontrol kamerak...). Hori amaituta, asfaltatzea eta azken ukituak ematea baino ez da falta izango».

Halaber, azken asteetan Arbizelaiko zubibidean ere lanean ari dira, Aretxabaleta eta Arrasateko mugan. Eskoriatzako San Bernabe auzoan ere ordaintoki estazioa egiten ari dira.

Anhidrita betekin sortutako arazoa kasik gainditua dagoela esan du Bidegiko zuzendariak. Errepidea martxan noiz egongo den erantzuteko, zuhurtzia erakutsi du, ordea. «Lanean ari gara Batzar Nagusietan duela hilabete batzuk iragarri genuen egutegia betetzeko, alegia, 2009aren hasieran irekitzeko».

Arabako Aldundiko Garrio eta Herrilan diputatu Luis Zarrabeitiak udaberrian ikusten du Eibar-Gasteiz irekitzeko garaia. «Uste dut lana urtea amaitu aurretik bukatua egongo dela. Baina ondoren azpiegituren probak egin behar ditugu hainbat astetan. Beraz, zuhurrak izanda, autobidea martxan izango da udaberrian».

Lanaren zailtasunak eta atzerapenak eragin handia izango du azkenengo kostuan. Alegia, asko garestituko da, hasieran pentsatuta zegoenaren aldean. Arabako Batzar Nagusiek 120 milioi euro onartu zituzten Arabako zatiko lanak egiteko. Gainkostua 25 milioikoa izan zen hasieran. «Eta kopuru hori dezente handituko zaigu oraindik»,esan du Zarrabeitiak. «Hain zuzen ere, hilabete honetan enpresen eskariak jaso eta aztertuko ditugu, eta kopuru bat dugunean, esango dugu».

Galerak ez ezik, egunero-egunero bidesariak ez kobratzeak ekartzen duen galera ari da pairatzen Arabako Aldundia. Urtean bost milioi eurokoa izan daiteke, guztira. Atzerapena Gipuzkoan gertatu denez, Arabako oposizioak -PPk eta PSE-EEk- Gipuzkoari kalte-ordaina eskatzeko agindu diote Foru Aldundiari. Zenbatekoa ere adierazi dute: sei milioi euro. Gipuzkoak uko egin dio, ordea, kalte-ordaina emateari. «Bi aldundien elkarlana zehazten duen hitzarmenak ez du aurreikusten kalte-ordain edo horrelakorik».

Eta Arabako Aldundiak ere ez dio eskatuko, lana egiteko bi erakundeek sinatu zuten hitzarmenean ez delako horrelakorik aurreikusten. «Gipuzkoaren borondate onaren menpe dago kontu hori, zeren berez, ez dute inolako betebeharrik, besteak beste, PP buru zuen aurreko Arabako Aldundiak horrelako klausularik ez duen hitzarmen bat sinatu zuelako».

Edozein kasutan, Zarrabeitiak eskatu die PP eta PSE-EEri Gipuzkoan mugi dezatela kalte-ordainen kontua. «Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Bidegiko kontseiluan horren inguruko ekimenak har ditzakete, Araban egiten duten bezala. Horrela has gintezke irtenbideak aurkitzen, eta ez bakarrik mediatikoki bazterrak nahasten».

Gainkostuaren ordainketa

Arabako Aldundiak hasieran aurreikusten ez zuen 12 milioi euroko mailegua eskatu behar izan zion Vital Kutxari obrak eragindako 25 milioi euroko gainkostuari aurre egiteko. Gainkostua are eta handiagoa izango denez, hari aurre egiteko beste moduren bat bilatu beharko du Aldundiak, eta ez du baztertu Vital Kutxari beste mailegu bat eskatzea. «Dakigunean zehatz-mehatz zenbatekoa den kopurua, ikusi beharko dugu nola finantzatzen dugun».

Jakina, galerak ez dira Araban bakarrik izango. Gipuzkoan ere handia izango da gainkostua. «Agerikoa da hasieran aurreikusten ez genituen ezustekoak izan ditugula, eta horiek eragina izango dutela azken kostuan», esan du Jauregik. Alabaina, kopurua zenbatekoa izango den ez du adierazi nahi Bidegik, obra erabat bukatu arte. Baina obraren hasierako aurrekontua, 632 milioi eurokoa, tokitan geratuko da. Izan ere, 2004an berritu zuten kopurua, eta 670 miloi aipatu zituzten orduan.Dagoeneko, hori ere urruti geratu da.

Erabiltzaileek ordaindu beharko duten bidesarian horrek eragina izango ote duen ez du argitu Bidegiko zuzendarik. «Oraingoz, lanak ahalik eta azkarren amaitu nahi ditugu. Gero gerokoak».

Arabako Aldundia oso haserre dago azpiegitura honetako lanen gainean aurreko aldundiak egindako kudeaketarekin. «Utzikeria handiz jokatu zuen epeak, kostuak eta gainerakoak kontrolatzeko orduan».



Tunelik luzeena

Arlaban edo Isuskitzako tunela da inoiz Euskal Herrian egin den tunelik luzeena. 3,3 kilometro luze da Arlabango tunela. Ez da obra horrek duen tunel luze bakarra. Izan ere, guztira 10 kilometro tunel hartzen ditu Eibar-Gasteizek. Horien artean, azpimarratzekoa da Gallastegiko tunela, Eibar eta Arrasate artean, 2,4 kilometro dituena, eta dagoeneko irekita dagoena. Guztira 16 tunel izango ditu azpiegitura berriak, 15 Gipuzkoan eta bakarra Araban.





Ingurumen kalteak

Ap-1eko proiektuakkritika ugari eragin ditu ekologisten eta nekazari elkarteen aldetik. Obrak ingurumenean, eta nekazaritza lurretan eragindako kaltea larria izan dela salatu dute behin eta berriz Eguzki edo Lurra erakunde ekologistek, etaEHNE edota Arabako Nekazari eta Abeltzainen Batasunak, UAGAk. Izan ere, autobide berria, gainera, AHTren ibilbidearen ondo-ondotik doa zati handi batean, eta nekazari lurretan eragindako kaltea are handiagoa da hala.







Hamar urteko ibilbide gora-beheratsua

1999. Ap-1 autobidearen lanei ekin zieten, Gipuzkoan, Eibar eta Arrasate arteko zatian hain zuzen ere.

2003. Abenduan ireki zuten autobideko lehen zatia, Eibar eta Bergara iparralde artean, 7,2 kilometroko tartea.

2004. Garaiko diputatu nagusi biek, Ramon Rabanera Arabakoak eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoakoak, Arlabango tunelaren lehen harria paratu zuten, ekitaldi ofizialean.

Urte bereko udaberrian ekin zioten Arabako zatiari, Arlaban eta Luku arteko 7,3 kilometroko tarteari. Administrazioak zioen autobidea 2007ko amaierarako martxan izango zela.

2007. Urrian iragarri zuten Arlaban tunelaren barruan sortutako arazo teknikoen ondorioz,obra urtebete atzeratuko zela, 2008ko amaierara arte.

2008. Arabako lehen zatia zabaldu zuten ekainean, Etxabarri eta Dibina artekoa, baina doan, Gipuzkoan autobidea amaitu gabe dagoelako.





Udako oporretako irteeretan Europako ehunka gidari nora ezean geratu ziren Arrasaten, Eibar-Gasteiz autobidea amaitutzat jo zutelako GPS berriek.

Amaitutzat zuten GPSek

I.P Donostia

Europa osotik Euskal Herrira iritsitako ehunka auto gidari ez aurrera ez atzera geratu ziren uda hasieran, Arrasateko Epele auzoan, Eibar-Gasteiz autobideak Gipuzkoan erabilgarri duen azken errepide zatian. Izan ere, hainbat GPS berrik amaitutzat jotzen dute jadanik Eibar-Gasteiz autobidea, eta Portugal, Espainia edo Afrika helmuga gisa zuten gidari askok aurreikusi gabeko ezuste batekin egin zuten topo Arrasaten: izan ere, Ap-1eko obrak bukatu gabe zeuden artean ere.

GPS berrien arabera, Eibar-Gasteiz da -izango litzateke, egina balego- Iberiako Penintsulako hegoaldera eta Marokora iristeko Euskal Herriko pasabiderik azkarrena. Horri kasu eginda iritsi ziren ehunka gidari Arrasateraino. Egoera korapilatsuena uztaileko eta abuztuko irteera operazioetan gertatu zen, Euskal Herrian auto emaria urteko handiena denean. Eta Europatik hegoaldera abiatzen zirenak ez ezik, GPSak ere nahasi zituen hegoaldetik Europara itzultzen ari zirenak.

Bidegiko zuzendari Borja Jauregik garrantzia kendu dio uztailean eta abuztuan gertatutako nahaste horri, eta GPSen sortzaileei leporatu die izandako okerraren ardura. Alabaina, Jauregik nabarmendu du Eibar-Gasteiz autobideko langileek lan mardula egin zutela galduta zeuden gidariei bidea berriz aurki zezaten laguntzeko informazioa ematen, Arrasaten bertan. «Hilabete batzuen buruan, Ap-1 irekitzen denean, anekdota hutsa izango da gertakari hori», esan du Bidegiko zuzendariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.