Espainiako eta Kataluniako zentral nuklearrek segurtasun baldintzak betetzen dituzte. Ondorio horretara heldu da CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseilua, Europako Batasunak agindutako azterketak egin ondoren. Zentral nuklearren segurtasuna irizpide berrien arabera berraztertzeko eskatu zuen Europako Batasunak, martxoan Japonia astindu zuten lurrikarak eta itsasikarak zentral nuklear batzuetan eragindako istripuetan ateratako ondorioetan oinarrituta. Espainiako eta Kataluniako zentralek irizpide berriak betetzen dituztela azaldu du CSNk, baina, segurtasuna hobetzeko, zenbait etxeko lan jarri dizkie.
Zentral nuklearren artean ez dute bereizketarik egin atzo aurkeztutako txostenean, eta zentral guztiei dagozkie CSNko presidente Carmen Martinez Tenek emandako aholku orokorrak. Ordea, datorren urtearen hasieran txosten zehatzagoak banatuko dituzte zentralen artean. Bitartean, «muturreko» egoeretan segurtasuna hobetzeko neurriei ekin beharko diete.
Azpiegitura kontrolatzeko tresnek etengabeko argindar hornikuntza dutela bermatzeko neurriak hartu beharko dituzte zentralek, baita inguruko zentral hidraulikoetara konektatzeko azpiegitura hobetu ere. Larrialdiei aurre egiteko antolaketa hobetzeko ere eskatu du CSNk, larrialdien kudeaketarako «ordezko zentroa» eginez. Horrez gain, zentro bateratu baten sorrera eskatu du CSNk, 24 orduko epean edozein zentraletan lan egiteko prest dagoen lantaldea izateko.
Istripu larriak gertatuz gero eremu jakinetan hidrogenoa pilatzea saihesteko neurriak eskatu dizkie zentralei; hori izan zen Fukushimako zentralean eztandak eragin zuen arazoetako bat. Hozte sistemen artean erreaktore nuklearraren ontzira, euste eraikinera eta lurrun sorgailuetara ura bota ahal izateko sistemak eskatu dituela ere jakinarazi du Martinez Tenek.
2016ra bitarteko lanak
Zentraletako hondakin nuklearren biltegietan ura falta ez dadila bermatzeko azpiegitura finko eta mugikorra jartzeko beharra nabarmendu du CSNk. Horrez gain, zentraletako jabeek biltegi horietako ur maila eta tenperatura neurtzeko sistemak hobetu beharko dituztela gaineratu du.
Hobekuntza batzuek 2012rako prest egon beharko dutela aurreratu du CSNk; epe ertainerako hobekuntzek 2014rako bukatuta egon beharko dute, eta epe luzerakoek, 2016rako. Garoñako zentralak (Burgos, Espainia) egin beharko dituen lanak ez ditu zehaztu CSNk, teorian lan horiek bukatu aurretik —2013an— itxi egin beharko duten arren.
Azterketak gainditu dituzte zentral nuklearrek, baina etxeko lanak jarri dizkiete
Oker «aipagarririk» antzeman ez arren, «muturreko» egoerei begira hobekuntzak eskatu dizkie CSNk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu