Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak Santi Brouarden kasua "guztiz argitzeko" eskatu du, baita "dagokion ordaina" ere. Gasteizen egindako agerraldi batean adierazi du "bidegabekeria guztiak ordaindu" egin behar direla. "Iraganeko zorigaiztoko gertaera guztiak" argitzea beharrezkotzat jo du.
Idoia Mendia PSE-EEko bozeramaileak uste du Fiskaltzak Brouarden kasuan "jardun beharko" lukeela, "alboko beste deliturik" ote dagoen argitzeko. Mendiak esan du "urdaila nahastu" zaiola Morcilloren esanak entzuterakoan, eta "nazka eta amorrua" sentitu dituela. "Pertsona batek halakorik onartu eta kalean jarraitzeak oso gaizki sentiarazten nau; beraz, ez dut pentsatu nahi Santi Brouarden familia nola senti daitekeen".