Sanprudentzioak Araban

Babazorroen jai nagusia

Erretretarekin abiatu zituzten atzo arratsean Gasteizen Sanprudentziotako ospakizunak. Gaur ere bada danborradaz gozatzeko aukerarik, baina dudarik gabe, Armentiako zelaietako erromeria da ekitaldi nagusia.

2008ko apirilaren 28a
18:53
Entzun
Erretreta jendetsu eta beroarekin hasi zituzten atzo iluntzean gasteiztarrek Sanprudentzio Jaiak. Parranda luzea izan da askorentzat, baina gaurko egunez ere bada zer ospatua.

09:00etan, Probintzia plazan. Txistularien Bandak eta Tronpeta jotzaileek ohiko zortzikoa eskaini dute. Eguerdi aldera, hamaiketakoaren ostean, danborrada aritu da kalerik kale azkeneko indarrak xahutzen. Arratsaldean, umeak jaun eta jabe. Euren danborradak hartu ditu kaleak, 18:30etik aurrera.

Eta, zalantzarik gabe, ohitura duen eran euria egin ala ez, Armentiako zelaiak jendez gainezka izan dira egun osoan, euria egin arren. Elizkizunek eman diote hasiera ekitaldi sortari, 11:00etan, baseliza inguruan egiten den prozesioaren ondoren. Zaindariari ohorezko aurreskua dantzatuta amaitu dira elizkizunak, eta egun osoan musika, herri kirolak eta dantza izan dira Armentia inguruetako eskaintza nagusia. Ohiko erroskila, barraskilo eta txorizoak dastatzeko saltokiak ere prest izan dira gerturatzen direnentzako.

Baina ez da Arabako hiriburua festaz gozatuko duen bakarra. Izan ere, herrialdeko beste hainbat txokotan ere prest izan dituzte jai egitarauak.

Bastidan, esaterako, danborra jo zuten atzo udaletxeko balkoian, hamabost minututik behin. Gaur Santa Luziako erromeria ospatu dute, ohiko meza eta bazkariarekin.

Laudion ere hogei bat ekitaldi prestatu dituzte zaindariaren omenez. Atzo, urteroko ohiturari eutsiz, karakolen lehiaketa gastronomikoa egin zuten. Eta gauean, ez ziren faltatu danborrak: ehun bat lagunek parte hartu zuten. Amurrion ere hirurehun bat barraskilo kazolatxo banatu zituzten atzo gauean Juan Urrutia plazan. Herriko fanfarreek girotu zituen, bien bitartean, herriko bazterrak.

Argazkian, Armentiako zelaiak, gaur eguerdian. (Argazki Press)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.