Sorturen sorrera

Babes handia jaso du legeztatzearen aldeko mobilizazioak

Manifestazioarekin bat egin dutenek diote normalizaziora bidean gakoetako bat dela Sortu legeztatzea

jon olano
2011ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Hainbat alderdiren, sindikaturen eta eragile sozialen atxikimendua jaso du gaur arratsaldean Bilbon egingo den manifestazioak (17:30ean, Casillatik). Egoera baliatzeko eskatu diote gizarteari martxarekin bat egin duten alderdiek. Izan ere, Sortu legeztatzea bakerako eta normalizazio politikorako gakoa izan daitekeela uste dute.

GaztEHrria, Euskal Komunistak eta Zutik-eko Gorripidea ildoa izan dira martxari babesa eman dioten azkenak. Gorripidearen iritziz, gizarteak hartu behar du «prozesuaren lema». Manifestazioa egoera demokratikoa eraikitzeko pauso oso garrantzitsua dela esan du GaztEHerriak. Aurreko egunetan ere hainbat eragilek egin dute bat deialdiarekin.

Deitzaileen artean daude Xabier Arzalluz EAJren EBBko buru ohia, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria auziko absolbituak, eta Jesus Uzkudun CCOOko kidea.

Aralarrek, Alternatibak eta Ezker Batuak mobilizazioan izango diren ordezkarien berri eman dute. Oskar Matute Alternatibako eleduna, Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordea eta Mikel Arana EBko idazkari nagusia han izango dira, besteak beste.

Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidenteak, berriz, berretsi egin du bere alderdiak ez duela martxa ofizialki babestuko. «Beste kontu bat da militanteak joatea», gaineratu du. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak aurreratu zuen bere alderdia ez dela martxan izango. Sortu legeztatzeaz gain, martxaren xedea EAJ «zirikatzea» dela deritzo Urkulluk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.