Babes zabala jaso du jada eskubide politikoen aldeko manifestazioak

Hamaika eragilek bat egin dute Eleak mugimenduaren deialdiarekin; urriaren 1ean eginen dute manifestazioa, IruñeanGizarteari parte hartzeko eskatu diote, «hasitako bidea sendotu eta ez gelditzeko»

Eleak-eko Expe Iriarte eta Joxean Agirre, erdian, hainbat eragilerekin batera, atzo, Iruñean. L. F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Jende ugarik bat egin du jada datorren urriaren 1ean Iruñean eskubide politikoen alde eginen den manifestazioarekin. Askatasun politikoen alde. Eskubide guztiak guztientzat lelopean egin du deialdia Eleak eskubide politikoen eta zibilen aldeko mugimenduak, urrian Espainiako Auzitegi Nazionalean Iruñerriko 11 gazteren aurka eginen duten epaiketaren harira.

Segiko kide izatea egozten diete, eta hamar urteko espetxe zigorra eskatzen dute haietako bakoitzarentzat. 17:30ean abiatuko da manifestazioa, Golem zinemen paretik.

Hainbat dira dagoeneko Eleak-ek egindako deialdiarekin bat egin dutenak. Besteak beste: Aralarreko Nafarroako koordinatzaile Txentxo Jimenez, Bilduko parlamentari Bakartxo Ruiz, EAJko Napar Buru Batzarreko presidente ohi Jose Antonio Urbiola, EAko Nafarroako koordinatzaile Maiorga Ramirez, Lizargorri elkarteko Nekane Garmendia, Hiruko kide Patxi Agirre, ESK-ko kide Xabier Barber, Lokarriko Ana Elvira eta Askapenako Julen Zulaika. «Nork bere izenean azaldutako atxikimenduak dira, manifestazioa askotarikoa izatea nahi baitugu, askatasun politikoen eta eskubide zibilen alde», azaldu du Expe Iriartek, Eleak mugimenduko ordezkariak.

Manifestazioari babesa eman dioten pertsona guztiak ideia nagusi batek batzen dituela azpimarratu du Iriartek: «Herri honetan denek dute eskubidea politika egiteko eta antolatzeko». Eskubide hori, ordea, urratzen ari direla gaineratu du, «hainbat pertsona politika egiteagatik ari baitira atxilotzen, auzipetzen eta epaitzen». Horri ezin zaiola ez ikusiarena egin nabarmendu du Eleak mugimenduko ordezkariak.

Hamaika eraso

Urriaren 1eko manifestazioa Iruñerriko 11 gazteren aurkako epaiketa salatzeko antolatu du Eleak-ek. Eskubide zibilen eta politikoen kontrako bertze hamaika eraso gertatu dela argi utzi dute, hala ere, manifestazioaren antolatzaileek, eta eraso horiek guztiak salatu nahi dituzte Iruñeko protestan. «Iruñerriko 11 gazte epaituko dituzte orain; duela gutxi, Josu Esparza atxilotu zuten, eta hemendik aurrera ere, oraindik irekita dauden dozenaka sumarioetako edozein izan daiteke», erran du Expe Iriartek, Eleak mugimendukoak.

Manifestazioaren alde egin dutenek bakea eta normalizazioa nahi dutela erantsi du: «Pertso- na guztien giza eskubideak betetzea nahi dugu, jazarpena jasaten ari direnen eskubide demokratikoak errespetatzen diren egoera bat».

Gaur egungo egoera politikoa kontuan hartuta, Sortu eta legez kanpo gelditu diren gainerako erakundeak legeztatzea «ezinbestekoa» dela gaineratu du Iriartek. «Gazteek erakunde politikoetan lan egiteko duten eskubidea errespetatzea beharrezkoa da», erran du.

Horregatik, datorren urriaren 1eko manifestazioan parte hartzeko eskatu diete Eleak mugimenduko kideek herritarrei, «hasitako bidea sendotzeko eta bide hori oztopatzeko ahaleginak geldiarazteko».

Jende ugarik egin du bat dagoeneko datorren urriko manifestazioarekin. Eleak mugimenduko kideek, hala ere, atxikimenduak jasotzen jarraitu nahi dute. Ekimen horri babesa eman nahi dionak, hain zuzen ere, [email protected] helbidera bidaltzen ahal du bere mezua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.