Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehen Salako epaileek Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari (CGPJ) eskatutako babesa aztertu du kontseiluaren Batzorde Iraunkorrak. Auzitegi horretako epaileek Santi Arrospide eta Alberto Plazaola aske uztea ebatzi ondoren, erabakiaren aurka adierazpen gogorrak egin zituzten Espainiako Gobernuko hainbat ordezkarik, eta horrek epaileen independentzia urratu zuela salatu zuten Manuela Fernandez Prado, Javier Martinez Lazaro eta Ramon Saez epaileek. Horregatik eskatu zioten babesa CGPJri.
Babes hori ukatu egin die CGPJk, baina kritika egin dio gobernuari. Hainbat kidek eginiko adierazpenak "justifikatu gabeko gehiegikeriatzat" jo ditu, baina uste du, adierazpen horiek Arrospide eta Plazaola aske utzi eta gero egin zituztenez, ez zutela eraginik izan epaileen erabakian. Hiruk egin dute babesa ematearen kontra, eta bik alde.
Espainiako Gobernuko hainbat ordezkari gogor aritu ziren epaileen erabakiaren aurka, publikoki. Soraya Saenz de Santamaria gobernuko presidenteordeak esan zuen lehen salak hartutako erabakia ez zetorrela bat legearekin. "Biktimei ere esan nahi diegu", gaineratu zuen: "Hau ezin da egin Auzitegi Nazionaleko Lehen Salak egin duen bezala. Oso argi dugu".
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak penagarritzat jo zuen epaia, "baita ikuspegi juridikotik ere". Legea oinarri hartuta erabaki hori ezin dela hartu esan zuen. Are gehiago: legetik kanpo nahita jardun zelako susmoa zabaldu zuen.