Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak ez dio badaezpadako neurririk jarri Mikel Alvarez Forcadari; Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari tarta bota zietenen artean egoteagatik eraman dute epailearen aurrera. Alvarezek deklaratzeari uko egin dio.
"Autoritatearen aurkako atentatua” leporatu diote, eta 4 eta 6 urte bitarteko espetxe zigorra ekar dezake horrek. Auzi berdinagatik aurretik deklaratu zuten Mugitu! AHT gelditzeko plataformako hiru kideei lurraldetik ateratzea debekatu zien auzitegiak, eta azaroan pasaportea kendu zien.
Blanca Rodriguez fiskalak Alvarez epai zezaten eskatu zuen, Nafarroako Poliziak Barcinari tartak bota zizkioten lagunekin batera identifikatu baitzuen.
Alvarezekin beste lau lagun zeudela azaldu dute, baina ez dituzte identifikatu. Mugitu! mugimenduak Auzitegi Nazionalean zabaldu den prozesuaren "zentzugabekeria eta neurrigabekeria" salatu du.
Tolosan (Okzitanian) bota zizkioten tartak Barcinari, iazko urriaren 27an.