ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri zuen duela bi urte, eta gatazkaren ondorioei buruzko akordioak lortzeko elkarrizketa zuzenak eskatu zizkien Espainiako eta Frantziako gobernuei. Bi urte joan dira, eta, agerian behintzat, horma baten pareko jarrera izan dute estatuek. Aste esanguratsu batean etorri da urtemuga: 76 lagun epaitzen hasi dira bi epaiketatan Auzitegi Nazionalean, eta Estrasburgok Parot doktrinari buruzko ebazpena emango duen egunaren bezpera da, besteak beste. BERRIAk galdetutako eragile eta herritar ezagunek uste dute jendeak bultza egin behar diola prozesuari.
GALDERAK
1. Duela bi urte, ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri zuen. Nola jaso zenuen albistea?
2. Bi urte igaro dira geroztik. Nola ikusten duzu gaur egun egoera?
ANJELES IZTUETA Hezkuntza, Ikerketa eta Unibertsitate sailburu ohia
«Klase politikoari eskatuko nioke zubi lan eraginkorrak lantzeko, etenik gabe»
1. Orain dela bi urte ETAk su-etena iragarri zuenean poza sentitu nuen, poza ETAk Aieteko bake konferentzian adostutako lehen puntua bete zuelako zehatz-mehatz, jakinik ere bide luzea geneukala aurretik, batik bat gatazkaren erroak historian oso sendoak eta sakonak direlako.
2. Gaur ikusten dugu Aieteko konferentzian egon zirenetako batzuek ihes egin dutela, alde bakarra mugitu dela, Espainiako eta Frantziako botere faktikoak ez direla mugitu, ez dituztela beren legeak ere betetzen, eta atxiloketa eta juizio politikoekin jarraitzen dutela. Hala ere, zorionez gizartea sufrimendu garaia gainditu nahian aurretik doa, eta Aieten adostutako espirituan lanean jarraitzeko eskatzen ari da, bai hitzez eta bai ekintzez. Etorkizunari begira baikorra naiz, sentitzen dudalako ireki dugun bideak atzerabiderik ez duela. Gure gizarteak gehiegi sufritu du, eta bakea eraikitzeko prest dago. Justizian eta memorian oinarritutako bakea eraikitzeaz ari gara, pertsona eta herri eskubide guztiak onartuta sortzen den bakeaz. Dena dela, gizartearen prestutasuna ez da inola ere nahikoa, eta klase politikoari ere —eta hor guzti-guztiak sartzen ditut— gehiago bustitzeko eskatuko nioke, hitzez gain, ekintzak eta zubi lan erangikorrak landu ditzatela gaurtik hasita eta etenik gabe.
TXEMA RAMIREZ DE LA PISCINA EHUko irakaslea
«Hiru hitzetan laburtuko nuke matazaren askatzea: sormena, pazientzia eta ausardia»
1. Bizipoz handiz jaso nuen albistea. Aieteko jauregian izan nintzen, gainera. Aspaldi amestutako desioa izan zen adierazpen hura. Dena askoz azkarrago gertatuko zela uste genuen. Ez da horrela izan. Duela hamar urte ETAk ez zuen inoiz pentsatuko horrela amaitu zenik bere ibilbidea. Estatuak ere ez zuen horrelakorik sumatuko inoiz ere. Gaur inoiz baino gehiago agerian gelditzen da Arnaldo Otegik eta haren taldekoek egindako lana zein garrantzitsua izan zen eta zein eskandalagarria den oraindik ere horiek denak kartzelan egotea. Bistan da gatazkaren ondorioen konponbidean ez dugula aurrera egin. Hori ez genukeen orduan pentsatuko.
2. Iraganaren gatibu gaude. Aste honetako epaiketak horren isla garbia dira. Estatuak kontakizunaren monopolioa nahi du: garaile eta garaituen arteko kontakizuna, mendekuan oinarritutako amaiera. Horren aurrean perspektiba historikoa duen buruzagitza politikoa behar da eta gizarte zibil aktiboagoa. Ez dut horrelakorik ikusten; are gutxiago agintean dauden gobernariengan. Denak elkarri begira daude, nor bere txokoaz arduratuta. Pazientzia handia beharko da, baita indar metaketa zabalak ere. Iragana ezin da bueltatu. Objektiboki aztertuta, ETA eta ezker abertzalea dira gehien mugitu direnak. Baina ezker abertzaleak ongi ohi daki bakarrik ezin duela konponbidea ekarri. Beste alderdien parte hartzea behar du, baita gizarte zibilarena ere. Baina, horretarako, arriskuak hartzeko borondatea behar da, eta kalkulu partidistak alde batera utzi. Eta, une honetan behintzat, ez ditut tenore horretan ikusten ez EAJ, ez PSE-EE eta askoz ere gutxiago PP. Hiru hitzetan laburtuko nuke matazaren askatzea: pazientzia, sormena eta ausardia. Ongi konbinatuz gero, elkarren osagarri izan daitezkeen dohainak dira.
LAURENCE HARDOUIN Abokatua, Bake Bidean-eko eta Cimade elkarteko kidea
«Harro egon gaitezke euskal borroka tresna berriaz; estatuaren erantzun bortitza bere ahuleziaren seinale da»
1. Arindura eta esperantza handiarekin hartu nuen berria. Egunsenti berri bat bezala zen, zeinetan beste ekintza mota batzuk haien tokia hartuko zuten eta zeinetan negoziazio eta elkar aditzea errefusatzeko parekoek erabiltzen zuten bortizkeriaren espektroak ez zuen gehiago tokirik ukanen. Sinetsi izan dut elkarrizketen bidea zabalduko zela eta alde guztiak adierazten ahalko zirela osoki, eta horrela aitzinatuko ginela. Noski, banekien luzea eta zaila izanen zela... Bakea lortzeko bi izan behar gara, eta, noski, gatazkaren aitorpena ezinbestekoa da. Argi gelditu da ez garela oraindik horretan.
2. Bitan banatua naiz. Ezkorki, erran nezake Espainiako Estatua eta horri segi dabilen Frantziako Estatua elkarrizketa eta negoziazio ororen aurka direla. ETAk jakinarazia du jarduera armatuaren bukaera, eta estatuek ondokoa erantzuten diote: «Noiz itzuliko dituzue armak?». Altzari zahar bat bezala pausatuko balira bezala armak... Gainera, bide orri zehatz bati segi itzultzen dira armak, eta, hori lortzeko, aurretik bi aldeak jarri behar dira mahai baten inguruan, elkarren parean, eta elkar entzun behar dute, hitz egin behar dute. Gaurko egunean, ETAk du bakarrik urrats hori egin, eta parean, erantzuna beti bera da: errepresioa.
Presoen, erbesteratuen eta errefuxiatuen egoera aipa dezakegu. Aipa ditzakegu ere areagotzen ari diren euroaginduak, Herrira-ren kriminalizazioa eta loratzen ari diren ekintza baketsuetan egondakoek jaso makilakada eta negar gasak... Zeharka, Ipar Euskal Herrian euskal lurralde elkargoa hilzorian da, ikastolak mehatxatuak dira... Ukazio horiek guztiek, estatuaren partetik jaso bortizkeria horiek guztiek haserrea dakarte. Baina paraleloki, eta agian estatuen joera gogorraren esplikazioa izan liteke, ETAren jarduera armatuaren bukaerak herri mugimenduen loratzea ahalbidetu du, eta poliki-poliki gatazkaren konponketan toki guztia hartzen ari dira. Lokarri bazen Hego Euskal Herrian, orain Bake Bidea badugu Ipar Euskal Herrian. Jendarteak —bere aniztasunean— prozesua hartzen du eskutan, estatuak interpelatzen ditu, argiki adieraziz bake prozesua aitzinera eramanen dutela eta probokazioen aitzinean ez dutela etsiko.
Beraz, nahiz eta lehen begiradan egoera ez bada hobetu, eta gainera txartu ere bada eskubideen aldetik, harro egon gaitezke euskal herritarrek arma berriekin borrokatzeko duten nahikeriaz. Estatuen partetik diren erantzun bortitzak haien ahuleziaren seinale dira, eta parean, euskal herritarrok ez dugu amore emanen, tresna berrien bidez eta dugun determinazioari esker lortuko dugu. Aitzina segituko dugu Euskal Herria herri gisa ezagutua izan arte, 1945. urteko Nazio Batuen kartak dioen gisara, herriak bere geroaz erabakitzeko aukera lortu arte.
JON MAIA Bertsolaria
«Jendartearen presioa handitu ezean, oso jasangarria egingo zaie egoera hau gobernuei»
1. Duela bi urte zuen egunkariari egindako hausnarketa irakurri dut, eta bertan bi gauza esaten nituen nagusiki: herritarron ardura zela orain prozesu hau amaieraraino eramatea eta gobernuek presoen eta eskubideen gaiari erantzun behar ziotela orain.
2. Bi urteren ondoren ez dut uste ez batean ez bestean espero adina aurreratu dugunik. Ondorioz, prozesuaren ilusio intentsitatea aurreikuspen haien azpitik ikusten dut. Beste inpresio bat ere badut: nik uste nuen indepedentismoaren adierazpen zabal eta emergente bat gertatuko zela, baina oraindik iraganetik datozen «beldurrek» diraute neurri batean. Dena den, ziur nago denborarekin gertatuko dela. Gobernuei dagokienez, jendartearen presioa handitzen ez den bitartean —Katalunian gertatzen ari dena— oso jasangarria izango zaie egoera hau. Ni, prozesu «teknikoaren» zain egoteaz harago, herritarren parte hartze aktiboagoa ahalbideratzearen aldekoa naiz, eskubide indibidual eta kolektibo guztien aldeko gehiengo sozial berri eta zabala sortzearen aldekoa. Iraganeko zauriak itxi eta herri honentzat etorkizun berri baten ilusioa eta giroa auspotu eta posible dela sinetsaraziko duena.
KIRMEN URIBE Idazlea
«Gero eta garbiago dugu geure bidea egin behar dugula, estatuaren peskizan egon gabe»
1. Lasaitasuna sentitu nuen albistearen berri izan nuenean.
2. Bi urte igaro dira, eta nabari da hori eguneroko bizitzan. Tentsioa ikaragarri jaitsi da herritarren artean, ETAren jarduna gauza urruna da, ematen du bi ez baizik hamar urte igaro direla, herritarren pertzepzioan. Jendeak atzean utzi nahi du garai hura. Hala eta guztiz ere, tamalez, gauzak gelditu ere egin direla ematen du; presoen egoerak ez du hobera egin, epaiketa politikoek iraun badiraute. Alde bati beti gehiago eskatzen zaio, baina estatuek ez dute pausorik ematen. Balizko desarmatzearekin ere ez dut uste gauzak gehiegi aldatuko liratekeenik. Porrotaren bila ari dira, ezer egin gabe, gauzak berez konponduko balira bezala. Arriskua dago, berriz ere, gure historia luzeko atal bat gaizki itxita uzteko. Eta, era berean, uste dut euskaldunok gero eta garbiago dugula geure bidea egin behar dugula, estatuen peskizan egon gabe.
AINHOA AZNAREZ PSNko zinegotzi ohia
«Proiektu politiko guztiak gauzatzea bermatuko duen jokaleku politiko bat behar da»
1. Baikortasun eta alaitasun mugatuz hartu nuen berria. Alde batetik, positiboa izan zen, baina, sinesgarritasunen bat lortzeko, armak uzteko prozesu bat abiatu beharko litzateke. Bestalde, argi geratu zen emakumeok bakearen aldeko eragile aktibo izan behar dugula, bai eta gure herrian ireki beharreko itxaropenezko prozesu berrian parte hartu behar dugula ere, Ahotsak proiektuko emakumeok eginiko ekarpenak direla medio.
2. Bakearen kontzeptua ez da hutsa, kontrakoa baizik: demokrazia eta gizarte justiziarekin zerikusia du, gatazka historikoak amaitutzat ematea eta, askatasunak zein eskubideak oinarri gisa hartuta, garai bat ixtea ahalbidetuko duen aldaketa prozesu batekin, alegia.
Horretarako guztiok eraikitako bide politiko eta demokratikoak erabiltzearen aldekoa naiz, baldintza berberetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen jokaleku demokratikoa bilatu behar da; hau da, politika egiteagatik inor kriminalizatu gabe.
PELLO SARASUA Baketik-eko bozeramailea
«Oraingo lehentasunak enpatia eta gatazkaren humanizazioa izan beharko lukete»
1. 2011ko urriaren 20ak Donostian harrapatu ninduen. Arratsaldeko zazpietako albistegian entzun nuen berria, eta bi sentipen izan nituen. Batetik, hainbat urtetan itxarotakoa gertatu izanaren poza; eta, bestetik, gainetik zama bat kentzen denean sentitzen den arintasuna.
2. Bi urte pasa dira, eta asko dago egiteko. Garai berrietan gaude, orain dela bi urte baino hobe, baina oraindik ere molde zaharretan jarraitzen dugu hainbat gauzatan. Oraingo lehentasunak enpatia eta gatazkaren humanizazioa izan beharko lukete: biktima guztiekiko gertutasuna landu eta espetxe politika aldatu. Bestetik, politikari, komunikabide eta herritar bakoitzak gure komunikatzeko era aldatu beharko genuke, sufrimendu gehiago ez sortze aldera. Elkarri gehiago eta hobeto entzuteak on egingo liguke. Azken urte hauetan joera desberdineko indarkeriak sortutako biktima batzuek lezio galanta eman digute honetan. Hor dugu bide bat.
ETAren adierazpena. Bi urte jardun armatua eten zuenetik
Badago zer egina
ETAk orain bi urte jarduna etengo zuela iragarri zuenetik, pausoak ia aldebakarrekoak izan dira. Prozesua geratuta dakusate batzuek, eta bidea egiten hasi behar dela uste dute BERRIAk inkestatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu