Badok Berriaren Euskal Musikaren Atariak smartphonetarako aplikazioa kaleratuko du aurki. Aplikazioaren aurkezpena bihar (larunbata) izango da, Durangoko Azokako areto nagusian, 19:30etatik aurrera. Ekitaldian, Martxelo Otamendi Berriako zuzendariak, Jon Eskisabel Badok-eko arduradunak eta Pello Urzelai Berriako IKT arduradunak hartuko dute parte.
Joan den maiatzaren 29an berritu ondoren, Badok ataria euskal musika hobeto ezagutu, hedatu eta entzuteko tresna bilakatu da. Aplikazioaren bidez, zeregin hori hobeto egokitu nahi du eskuko gailuetara. Batez ere, telefono adimentsuetan esperientzia atsegina eskaini nahi du, musikariak deskubritu eta haien musika entzuteko orduan.
Aplikazioa merkatuko bi sistema operatibo nagusietan kaleratuko da: Android eta iOS sistema operatiboetan, eta, beraz, Google Play eta Apple Store dendetan eskuragai izango da, dohainik. Alde teknikotik, Ideable enpresak garatu du Badok-en aplikazioa.
Badok-en atal nagusiak (Azkenak, Aldizkaria, Musikariak, Zerrendak, Zuzenean…) erabiltzeko aukera ematen du aplikazioak, baina esan daiteke abestiak direla erdigunea. Abesti bakoitzak ematen du bidea egilearen biografia, diskografia, bideo edo hitzetara iristeko, musikaz gozatzearekin batera.
Erabiltzeko oharrak
Dagoeneko dohainik deskargatu daiteke Google Play eta Apple Store dendetan. Aplikazioa irekitzean, edukiak ageri dira, azken kantu eta bideoetatik hasita. Scroll horizontalaren bidez, azken hamar kantuak eta azken hamar bideoak ikusi eta aukeratu ahal dira. Scroll bertikalaren bidez, Badok-en atal nagusien azken edukietara iritsiko da: Azkenak, Zerrendak, Aldizkaria eta Zuzenean. Goikaldean, menua irekitzeko botoia eta bilatzailea aktibatzeko botoia daude. Musikariak atalera sartzeko, menutik aukeratuz edo bilatzailea erabiliz egin daiteke.
Talde bat edo artista bakoitzak bere txokoa dauka, web bertsioan bezala: diskografia osoa, gehien entzundako kantuen zerrenda, biografia, bideoak eta talde erlazionatuak. Diskografiak egilearen disko guztiak erakusten ditu eta disko bakoitzak bere kantu guztiak.
Gaur egun, 428 talde edo artista, 2.075 disko eta 19.536 kantu daude katalogatuta Badok-en. Kantu guzti horietatik, 13.292 abesti entzugai daude, plaforma digital ezberdinak erabilita. Badok-en aplikazioan musika entzuteko, kantu bakoitzaren pantailatik egin behar da. Entzuteko modua soinu iturriaren arabera aldatuko da. Badok-ek honako musika iturriak erabiltzen ditu: Badok, Bandcamp, SoundCloud, Youtube, Deezer eta Spotify.
Musika iturria Badok, Bandcamp edo SoundCloud bada, kantuaren irudian play botoi berde bat agertuko da eta bertan ukituz Badok-en erreproduzitzailea aktibatuko da eta hasiko da entzuten. Aipatutako iturria duten kantuekin zerrendak osatu ahal dira, + sinboloa erabilita, eta erreproduzitzailearen bidez kantutik kantura pasa edo zerrenda ezabatu ahal da. Erreproduzitzailea kendu nahi izanez gero, zerrenda ezabatzea besterik ez da egin behar.
Musikaren iturria Youtube denean, Entzun Youtuben izeneko botoi bat agertu da eta bertan ukituz Yotuberen aplikazioa ireki eta bertan entzungo da kantua. Musikaren iturria Deezer edo Spotify bada, Entzun Deezerren edo Entzun Spotifyn botoiak agertuko dira. Horietan ukituz dagokion aplikazioa irekiko da, baina kantua entzun ahal izateko beharrezkoa da aipatutako plataformetan premium kontu bat izatea.
Azkenik, Badok aplikazioak kantuak, diskoak eta zerrendak banatzeko aukera ematen du: Facebook, Twitter, email, sms edota Whatsapp-en bidez.