Enric Gonyalons Mundubat GKE gobernuz kanpoko erakundeko kidea eta harekin batera larunbatean bahitutako bi kooperanteak Malin egon daitezke, Mohamed Salek Uld Salek SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Atzerri ministroaren arabera. Jakinarazi duenez, bahitzaileek Mauritaniako mugarako noranzkoan ihes egin zuten, eta handik Malira igaro direla uste du Salekek. Bahitzaileek bi asmo dituztela gaineratu du: «Lehena agerikoa da: erreskatea eskatzea. Bigarrenak helburu politikoa du, eta Tindoufen segurtasunik ez dagoela zabaldu nahi da laguntza humanitarioaz arduratzen direnen artean».
Larunbat iluntzean bahitu zituzten hiru kooperanteak: Rosella Urru Herrien Garapenerako Italiako Batzordeko kidea, Ainhoa Fernandez de Rincon Saharar Herriaren Lagunen Extremadurako Elkartekoa eta Gonyalons bera. Tindoufeko Rabuni kanpamenduan zeuden hirurak bahitu zituztenean, han hartzen baitute ostatu Tindoufeko kanpalekuetan lan egiten duten atzerriko kooperanteek.
Erasoa gertatutako kanpaleku berean da Alberto Jimenez kooperante nafarra. Bihar iluntzean Euskal Herrira itzuliko da, Alfonso Torres Nafarroako Mugarik Gabeko Langile eta Teknikarien Elkarteko koordinatzaileak azaldu duenez. Torresen arabera, bahiketak gertatu aurretik zuen Jimenezek Euskal Herrira bueltatzeko asmoa, eta, beraz, erabakiak ez du gertakariarekin harreman zuzenik. «Saharan lan egiten jarraituko dugu», esan du Torresek.
Gondanyols kide duen Mundubat GKEak elikagaien eta lanbide heziketaren gaineko proiektu bana du martxan SEADen. GKEak esan du ez duela Gondanyolsen berri eta erakundea harremanean dagoela une oro Espainiako, Saharako eta Aljeriako agintariekin. Haren senideek ere ez dute berririk, baina beharrezkotzat jotzen dute zuhurtziaz jardutea Gondanyols etxera onik eta lehenbailehen itzul dadin. Gainera, berria jakin denetik jasotako elkartasun adierazpenak eskertu ditu familiak.
Mundubatek Bilbon du egoitza nagusia, eta bertako udalak eskura dituen bitarteko teknikoak eskainidizkio erakundeari Gondanyolsen bahiketa konpontzen laguntzeko. Udalak gogorarazi duenez, Mundubat Bilboko Udal Lankidetza Kontseiluko kidea da.
EBren arbuioa
Europako Batasunak gaitzetsi egin du hiru kooperanteak bahitu izana, eta horiek «lehenbailehen» aske uzteko eskatu du. «[Bahiketaren] arduradunei deia egiten diegu aske utz ditzaten, bahituei inolako kalterik eragin gabe», adierazi du Europako Batzordeko Kanpo Politikarako eledun Maja Kocijancicek. Europako Batzordea «alderdi guztiekin» lanean ari dela erantsi du, «ahal bezain azkar jarduteko».
Mohamed Abdelaziz SEADeko presidenteak ere arbuiatu du erasoa, eta gaitzespen hori nazioartera zabaldu nahi izan du. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-mooni gutun bat helarazi dio Abdelazizek, «eraso terrorista honen aurrean nazioarteko gaitzespena» eskatzeko. Haren iritziz, bahiketen xedea «Saharari nazioarteko laguntza kentzea» da, eta, hori dela eta, SEADi eta Fronte Polisariori elkartasuna adierazteko eskatu dio Abdelazizek nazioarteari.
Bahitzaileak «terroristak» direla adierazi dute SEADeko agintariek, eta Magreb Islamiarreko Al Kaedari egotzi diote gertatutakoa. Aitzitik, oraingoz inork ez du bere gain hartu erasoa. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak «diskrezioz eta zuhurtziaz» jokatzeko eskatu du, eta euskal herritarrek sahararrekin duten «konpromiso politiko eta soziala» nabarmendu du. Gainera, agentziak borondatea azaldu du inguru horretan laguntza humanitarioa mantentzeko.
Alternatibak «bitarteko guztiak jartzeko» eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari, hiru kooperanteak onik eta aske egon daitezen. Erasoa gaitzesteaz gain, Gonzalo Fernandez Alternatibako internazionalismo alorreko eledunak goraipatu egin du oro har kooperante guztiek egiten duten lana, eta salatu du bahiketa hauek «Europako Batasuneko herriek Sahararekin duten elkartasunaren aurkako erasoa» direla. «Milaka eta milaka solidarioren arteko loturak» hautsi nahi izatea egotzi die Alternatibako eledunak bahitzaileei.
Bahituak Malira eraman dituztela diote Saharako agintariek
Bihar itzuliko da Euskal Herrira Alberto Jimenez, erasoaren unean kanpalekuan zen kooperante nafarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu