Playa de Bakio Bermeoko (Bizkaia) atun ontzia Somaliako itsasertzean daukate ainguratuta bahitzaileek. Hala jakinarazi du Mikel Arana marinelak, gaur goizean, zazpiak eta hamar inguruan, etxera deitzen utzi diotenean.
Hiru bat minutuz hitzegin ahal izan du Aranak aitarekin, eta bahitzaileek tratu ona ematen diela agertu du, egoerari dagokion neurrian. Marinel guztiak -26 dira guztira- jangelan dauzkate itxita, Antonio Rodriguez kapitaina eta Jose Manuel Baz makinetako burua izan ezik. Aranak aitari esan dionez, hamar bat dira bahitzaileak eta prestakuntza militarra dute: "Semeak esan didanez militarrak dira, taktika eta prestakuntza militarrak dituzte", agertu du Aranaren aitak Radio Euskadin.
Mikel Arana arrasatearrak ez ezik, Jaime Candamil pasaitarrak ere hitzegin ahal izan du gaur goizean etxekoekin. "Ondo gaude. Lasai. Nahi duten gauza bakarra dirua da", esan die familiakoei Gloria Casanova Jaimeren amak Oarsoaldeko Hitzari agertu dionez. Minutu batez bakarrik hitz egitea utzi diote senideekin Jaimeri. «Asko lasaitu gaitu deiak. Dena dela, egoera konpondu arte ez gara guztiz lasaituko», azaldu du amak. Bermeoko ontziaren armadoreak negoziatzeko bidean daudela erantsi du.
Ildo horretatik, "lasaitasuna eta zuhurtzia" eskatu du Jaurlaritzak, negoziazioak "egunetan" luza daitezkeela eta. Bereziki komunikabideei egin die dei hori, "errealitatearekin bat ez datozen" gauza zabaltzen ari direla eta.
Playa de Bakio igandean bahitu zuten, Somaliako itsasertzetik 250 miliatara, nazioarteko uretan, atunetan zebilela. Bahitzaileek dirua eskatzen dute marinelak aske lagatzearen truke. 26 arrantzaleetatik bost Euskal Herrikoak dira; zortzi galiziarrak; zazpi Ghanakoak; lau Madagaskarkoak; Senegalgo bat eta Seychelleetako beste bat.
Bahiketa Somalian
Bahitutako ontziaren inguruko negoziazioak "egunetan" luza daitezkeela uste du Jaurlaritzak
Gaur goizean etxera deitzen utzi diete Mikel Arana eta Jaime Candamil marinelei, eta bahitzaileak hamar inguru direla eta "prestakuntza militarra" dutela agertu dute. Ontzia Somaliako itsasertzean ainguratu dute bahitzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu