Bai Euskarari ziurtagiria duten beste 1.500 eragile lortu nahi ditu Ziurtagiriaren Elkarteak. Hala jasotzen da datozen lau urteei begira prestatu duten plan estrategikoan. Egun 1.516 dira ziurtagiria duten enpresa, saltoki eta erakundeak, eta 2012rako kopuru hori bikoiztea dute xede. «Helburu hori lortzeko, plan bat prestatzen ari gara, industrialde, teknologia nahiz kultur parke eta antzekoetan hedatzeko», adierazi zuen Rober Gutierrez Ziurtagiriaren Elkarteko presidenteak. Horrekin batera, eragileen hizkuntza egoera hobetzen laguntzeko tresna eta baliabideei buruzko informazioa emango dute, eta hitzarturako zerbitzua profesionaltasunez ematen dela ziurtatu.
2000. urtean hasi zen Gizarte Eragileen Kontseilua Bai Euskarari ziurtagiria banatzen. Kontseiluaren ekimenez, haatik, iazZiurtagiriaren Elkarteak hartu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria kudeatzeko ardura eta zeregina. «Urrats kualitatibo garrantzitsu bat emateko beharra zegoelako sortu genuen Ziurtagiriaren Elkartea. Gestioa optimizatu eta proiektu zabalagoa, partekatuagoa eta eraginkorragoa izatea nahi genuen». Urtebete honetan ziurtagiriaren diagnostikoa egin dute. «Bai Euskarari ziurtagiria arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiten duen proiektu profesional, independente, gertuko eta estrategikoa dela ikusi dugu».
Horren arabera, datozen lau urteei begira dituzten erronkak zehaztu dituzte. Ziurtagiriaren hedatzearekin batera, beste bi xede finkatu dituzte: Euskal Herrian erreferente izatea eta pertsonen gogobetetze maila areagotzea.
Ziurtagiria duten 1.516 eragileetatik 165ek Zerbitzua eta lana euskaraz maila dute, hau da, ziurtagiriaren mailarik gorena. 508 eragile bigarren mailan egongo lirateke, hau da Zerbitzua Euskaraz delakoan. 883 bidez Euskara Bidean mailan daude. Ziurtagiria dutenen artean daude, besteak beste: Bankoa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Gipuzkoako Donostia Kutxa, Eroski, Athletic, Reala, Tau Baskonia, Miramongo Zientziaren Kutxagunea, Kafearen Etxea, Gaiker Fundazioa, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Kalitatea Fundazioa, SkunFunk...
Ziurtagiria eskuratu duten guztiei «euskararen normalizazioan aurrera egiteko hartu duten erantzukizuna eskertzeko», urtero moduan, ekitaldia izango da etzi Donostiako Kursaalean.
«Industrialde, teknologianahiz kultur parke eta antzekoetan hedatzeko plan bat prestatzen ari gara»
«Urrats kuantitatibo garrantzitsu bat egin behar zelako sortu genuen Ziurtagiriaren Elkartea»
Rober gutierrez
zIURTAGIRIAREN ELKARTEKO PRESIDENTEA
Bai Euskarari ziurtagiria duten eragileen kopurua bikoiztu egin nahi dute 2012rako
Ziurtagiria duten 1.516 eragileak egiten ari diren lana eskertzeko ekitaldia izango da etzi Kursaalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu