Baigorriko auzapez, Iparretarrak-eko kide baten hiletara joan zen arte

Bederatzi urtez jardun zuen kargu horretan Haritxelarrek. Ramuntxo Arruiz Iparretarrak-eko kidearen hileta elizkizunera joan zen, eta dimisioa emanarazi zioten oposizioko taldeek.

jon olano
2013ko irailaren 2a
16:07
Entzun

Haritxelar politikagintzan ere aritu zen, eta Baigorriko auzapez izan zen 1971tik 1980ra bitartean. Ramuntxo Arruiz eta Txomin Olhagarai Iparretarrak-eko kideak hil egin ziren urte hartako martxoaren 26an, Baionako suprefetaren autoan lehergailu bat jartzen ari zirela. Eztanda egin zien lehergailuak.

Iparretarrak-ekoa izateaz gain, Baigorriko Basaizea elkarteko kide ere bazen Arruiz, Haritxelar alkate zela. Ezagun zuen, eta haren hiletara eta ehorzketara joan zen. Dimisioa ematera behartu zuten, bertara joateagatik. Jakin aldizkarian eginiko elkarrizketa batean kontatu zizkion xehetasunak Imanol Murua Uria kazetariari:

"Joan nintzen giristino gisa. Baina baigorriar batzuentzat bekatu mortala egin dut. Astelehena, asteartea... eta asteazkenean telefono dei batek abisatzen nau bezperan bildu direla kontseiluko guztiak alkateordearen etxean. Hain zuzen alkateordea suprefetaren kusia zen bere emaztearengandik. Alkateordeak erran du bere dimisioa ematen duela, eta denek dimisioa eman dute.

Udal kontseiluko guztiek? Zure taldekoek ere bai?

Denak nire taldekoak ziren! 1977an zerrenda guztia pasatu zen. Denek dimisioa eman zuten. Larunbatean etorri nintzelarik Baigorrira eta ikusi nuelarik nire alkateordea, erran nion: 'Beraz, dimisioa emana duzue?'. "Bai'. 'Errak: zenbat dei ukan dituk suprefeturatik?'. 'Ez, ez didate sekula deitu'. 'Ez erran, eni, suprefetak ez duela hor bere sudurra sartu'. Prefetak onartu zuelarik dimisio hori, gero nihaurk ere eman nuen nire dimisioa. Baigorritik alde egin dut horrela".

Arruizen hiletara joateagatik azalpenak eman zituen Haritxelarrek Herria aldizkarian 1980ko maiatzaren 1ean, azalpen gisa: "Doazela gauzak halere aitzina, beti lehengoari so egon gabe. Ramuntxu Arruizen ehorzketan gertatu baldin bada hainbeste jende bezala, ez zela alderdikari agertzeko, bainan lainoki otoitz egiteko hil gaztearen arimaren alde... ala zer da girixtino izan behar, denak errex direnean? Haizea alde delarik bakarrik?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.