Iragarri bezala, idazkia aurkeztu du Euskalerria Irratiak Nafarroako Gobernuaren erregistroan, irrati lizentziak banatzeko prozesua geldiarazteko eskatzeko. Otsailaren 14an eman zuen gobernuak bere erabakiaren berri. Ser eta Cope irrati kateek jaso zituzten Iruñerako zeuden baimen bakarrak. Euskalerria Irratia esku hutsik utzi zuen UPNk, berriz ere. Lehiaketa egiteko modua gogor salatu zuten irratiko arduradunek, gobernuaren erabakiaren berri izan eta gero, eta baliorik gabe uzteko "arrazoi sendoak" bazirela nabarmendu zuten. Erregistroan aurkeztutako idazkiaren bidez, hain zuzen ere, horixe eskatu dio orain Euskalerria Irratiak gobernuari. Eten dezala baimenak banatzeko prozesua, Euskalerria Irratiak aurkeztutako proiektua baztertu egin dutelako lehiaketa horretan. Iruñerriko irrati euskalduna lizentziarik gabe utzi izana "erabaki baztertzailea, zuzengabekoa eta justifikaziorik gabekoa" da, irratiko kideen hitzetan, eta "lehiaketaren prozedura oso sakonetik usteltzen du".
Irratiko arduradunek aipatu dute lehiaketa horretan epaimahaiak baloratu gabe utzi duela Iruñeko Komunikabideak elkargoak proposaturiko irrati programazioaren "zati garrantzitsu bat". "Epaimahaiak uko egin dio zati horri puntuak jartzeari", azaldu dute. Zehazki, kanpoan eginiko ekoizpenari buruzko atalean Euskalerria Irratia punturik gabe utzi du epaimahaiak, eta erabaki hori berrikusteko eskatu dute, ondorioz, irratiko arduradunek. Haien ustez, epaimahaiaren erabakiaren asmoa izan da Euskalerria Irratiak lehiaketa ez irabaztea. "Erabakigarri izan zitekeen puntu kopuru handiskoa ukatu digute", erran dute.