Foruzaingoak bost pertsona salatu zituen iragan asteburuan Ultzamako ibarrean (Nafarroa) baimendutakoa baino onddo gehiago hartzea egotzita. Zazpi kilo onddo eta perretxiko atzeman zituzten orotara. Nafarroako Foru Gobernuak ezarritako legediaren arabera, 30 ale har ditzake gehienez pertsona bakoitzak egun bakarrean. Helburua da ekosistemaren iraupena ziurtatzea eta Nafarroako baso eta mendiak babestea.
Uda garaian jende ugari joaten da Nafarroara onddo eta perretxiko bila. Hori kontuan izanik, Nafarroako Foru Gobernuak jakinarazpen bat kaleratu du, jarduera hori arauturik dagoela esanez eta hara joaten direnek mugak errespetatu beharko dituztela gogoraraziz. Mendien araudiak guztiz babesten ditu Nafarroako baso eremuak, eta hango ekosistema kaltetu ez dadin hainbat neurri ezartzen ditu. Horien artean, aipaturiko 30 aleko muga. Gainera, bilketak burutu ahal izateko baimenak eskuratu behar dira, eta, Ultzamako kasuan, kanpotarrek ezinbestean ordaindu behar dute bost euroko kuota.
Araudiak
Halaber, araudia aldatu egiten da probintzia batetik bestera. Araban, perretxiko bila joaten direnek ez dute kuotarik ordaindu behar, baina gehienez bi kilo harditzakete. Dena dela, salbuespenak daude: Amurrion berezko araudia dute, eta Trebiñuko San Martin Galbaringo barrutian hiru kilo ziza eta beste espezieetako bi kilo bil litezke egunean. Bizkaian ez dago araudirik, eta Gipuzkoan bost kilo har daitezke eguneko Aiako Harria, Pagoeta, Aizkorri-Aratz eta Aralar natur parkeetan. Ipar Euskal Herrian guztiz debekatuta dago perretxiko eta onddoak biltzea, lurrak pribatuak direlako; hala ere, haietan ibiltzen direnentzat egunean bost kiloko muga dago ezarrita.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak orain gutxi bi gida kaleratu zituen mikologiaren inguruan. Horietan onddo eta perretxiko bilketaren inguruko gomendioak ematen dituzte.
Baimendutakoa baino onddo gehiago biltzea egotzita, bost salaketa
Foruzaingoak bost lagun atzeman zituen Ultzaman 7 kilo onddo eta perretxikorekin; 30 alean dago muga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu