Marc Aillet Baionako apezpikuak elizbarrutiko kideei bidalitako gutun batean eman du Sarramagnan apaiza kargutik kendu duen berria, eta gutun hartan dio jakinaren gainean jarri duela fiskaltza ere. 1990eko pederastia kasu batengatik kendu dute kargutik apaiza.
Ailletek elizbarrutiko kideei igorritako eskutitzean dio 2000. urtetik aurrera Frantzian Elizak "pedofiliaren dramari" aurre egiteko neurriak hartu dituela eta horretan buru belarri ari denez, testuinguru horretan kokatzen dela apaizaren kargugabetzea.
Apezaren beraren familiak erran zion apezpikuari gertatuaren berri —ilobari egin zizkion abusuak—, eta ezin zuela kasua justiziaren aurrean ezkutatzen segitu. 1990eko hamarkadan gertatu zen, eta apezak tratamendu psikologikoa jaso zuen gerora. Prokuradorean ikerketapean utzi dute auzia.
Bere pentsamolde kontserbadoreagatik da ezagun Aillet. Azaldu duenez, Sarramagnan apaiza bere buruaz beste egiten saiatu zen 2007an, eta kargutik kendu zuen Pierre Moleres apezpiku ohiak lehen aldiz. 2008an Notre-Dame de Tournayn egonaldi bat egin zuen terapia jasotzeko, eta 2010ean berrekin zion apaiz lanari. "Justiziak dioena itxaron bitartean", Tournayra bidali du berriro apezpikuak Sarramagnan.