Baionako erietxeko zaintza kontseiluak batasunera deitu du barne komunitatea

«Artatze balioekin koherentzian» aritu dira Bonnemaisonen aferaz ohartarazi dutenak, kontseiluaren iritziz

Erredakzioa
Baiona
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Baionako ospitaleko zaintza kontseiluak —zentroko administrazio kontseilua ordezkatzen duen entitateak—agiri bat plazaratu du, Nicolas Bonnemaison medikuak ustez erietxean pozoitutako erien kasuaren harira, bere jarrera ofiziala jakinarazteko. Agiria kontseiluko presidente Sylvie Durruti Baionako hautetsiak izenpetu du, eta lurraldeko kolektibitateak, ospitaleko langileak eta erabiltzaileak ordezkatzen ditu. Testuak «ospitaleko komunitatearen batasunera» deitu du. «Elkartasuna eta guztiekiko errespetua» eskatzen du, «ospitalea eta erien interesa delako». Medikuaren ekintzak seinalatu dituzten erizain eta artatzaileak ere gogoan ditu: «Artatze balioekin koherentzian» aritu direla dio, «betebeharra» zela adieraziz, eta konfiantza berresten die larrialdietan ari diren langileei.

Medikuaren ekintzak seinalatu dituzten artatzaileak hamar bat dira. Oro har, bere sostengua helarazten die kontseiluak, bai ospitaleko zuzendariari ere, «justizia informatu beharra zuelako». Aferak hunkitzen dituen erien familiei ere sostengu mezua eskaini die, eta adiskidantza keinua justiziak «injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzea» leporatzen dion Nicolas Bonnemaison medikuari eta haren senitarteko eta gertukoei.

Pajin ministroaren mezua

Gaixoen bizitzaren amaierakoak arautuko dituen lege berriaren aldeko mezua plazaratu zuen atzo Espainiako Osasun ministro Leire Pajinek. Prest du lege berriaren aurreproiektua Espainiako Gobernuak, eta araudi hori onartzen bada, heriotzaren atariko «sufrimendu eta oinaze premia gabekoak» saihestu ahal izango direla azaldu du. Huelvako (Andaluzia, Espainia) gaixo baten kasuaren harira izan du hizpide gaia ministroak; kasu horretan, erietxe batean zunda nasogastrikoa kendu diote oso eri zegoen andre bati. Familiaren eskariz egin dute, lege autonomikoaren babesean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.