Gizartea

Baionako espetxea eta bertako gizarte saila salatu dituzte

Urrian gizon batek bere buruaz beste egin zuen Baionan, Aturri ibaian itoz. Gerora jakin zen preso bat zela. Frantziako Tolosako espetxetik atera zen 12 urteko zigorra bete ondoren. Lanik atzeman ezean zuen egoera kenduko ziotela erran zioten.

Aitor Renteria.
2013ko azaroaren 22a
16:46
Entzun

Baionan formakuntza bat lortu zuen, lagunen bidez, eta gauero itzuli behar zuen presondegira. Formakuntza bukatzera zihoala, lanik atzeman ezean zuen estatusa kenduko ziotela erran zioten. Egoera horren ondorioz bere buruaz beste egitea deliberatu zuela jakinarazi dute Mathieu Oudin abokatuak eta Gabi Mouesca Nazioarteko Espetxeetako Behatokiko kideak.

Legea urratzea leporatzen diote Baionako espetxeko zuzendariari. Izan ere, Olivier M. "espetxe zentraletik" atera zen lanaren baldintzapean. Baionako espetxean auziperatu gabe edo kondena laburrak dituzten presoak daude. Espetxe aldaketak, beraz, gogortu zituen Olivier M.-ri ezarritako bizi-baldintzak. Espetxera sartu eta ateratzen zen bakoitean biluztu arazten zuten. Karrikan balia zitzakeen Internet eta telefonoa, espetxean ez. Abokatuak egoera salatu zuen, idatziz askastasun epaileari, ministeriora eta espetxeko zuzendariari. Ez zuen erantzunik jaso.

OIPk salatu du espetxean beren buruaz beste egiten duten pertsonen kopurua karrikakoa baino zazpi aldiz handiagoa dela. Urtean ehun preso inguruk egiten dute bere buruaz beste Frantziako espetxeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.