Tabernak ixteko ordutegia

Baionan, itxiera lehenago

Grenetek eutsi egin dio iaz tabernak ixteko ordua ordubete aurreratzeko hartutako neurriari. Auzotarrak pozik daude, eta tabernariak, kezkatuta.

ainara arratibel gascon
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Urtebete pasatxo igaro da Baionako auzapez Jean Grenetek tabernak ixteko ordutegia ordubetean aurreratu zuenetik. Neurriak «ezinegona eta haserrea» eragin zuen ostalarien artean. Baina Grenetek tinko eutsi die bere asmoei, nahiz eta tabernetako jabeek urtebete honetan maiz eskatu izan dioten atzera egiteko. Azken presio neurri gisa, Baionako bestetan ostalariek planto egin, eta Greneti mehatsu egin zioten: herriko etxeak berrerabiltzeko edalontziak sustatzeko abian jarritako ekimena ez zuten babestuko. Baina Grenet argi erantzun zion enbidoari: babesten ez bazuten, kalean barrak jartzea debekatuko zien. Azkenean, ostalariek atzera egin zuten, eta oraingoz Grenetek tinko eusten dio erabakiari.

Tabernarien kezka agerikoa da, herriko etxeak onartutako dekretuak beste muga batzuk ezarri dizkie ostalariei. Besteak beste, arratsaldeko zortzietatik aurrera karrikan edatea debekatuta dago.

Ardevie auzo elkarteak hasieratik babestu zuen Greneten jokabidea, eta egun ere horretan jarraitzen du. Neurriak, haatik, haserrea eragin zuen gazteen artean, eta protestak ere izan ziren. Baina egun horien jarrera ere apaldu da.

Nafarroan, aldaketa txikiak

Nafarroan 2003koa da ostalaritza saltokiak ixteko ordutegiei buruzko araua. Kasu honetan, kafetegi eta jatetxeek 01:30ean dute ixteko ordua, taberna eta pubek 03:30ean eta dantzaleku eta festa aretoek 06:00etan.

Bezeroek gehienez 30 minutu dituzte aretoa husteko, eta bitarte horretan ezin dute edaririk saldu. Musika kenduta izan behar dute, eta argiak piztuta. Gainera, ezin da bezerorik sartu.

Salbuespenak ondorengoak dira: bidaiarien zerbitzurako saltokiak —gasolindegiak, tren eta autobus geltokiak, autobideetako ordainlekuak— eta gauean lan egiten duten beharginei zerbitzua eskaintzen dietenak. Kasu horretan, foru gobernuak eskumena du ordutegi berezi bat jartzeko. Bestalde, herriko jaietan, Aste Santuan eta Gabonetan ordutegi bereziak dituzte tabernek, dantzalekuek eta jatetxeek.

Nahiz eta azken urteetan etengabeak izan diren ostalarien eskariak ordutegiak luzatzeko, Nafarroako Gobernuak ez du horren inguruan neurririk hartu.

Dekretuan egindako aldaketa bakarra iazkoa da. Hala, 8.500 biztanle baino gutxiagoko herrietako tabernei aukera ematen zaie ordubete geroago ixteko. Beti ere, herri horietan ez badago dantzaleku edo festarako aretorik.

Iaz arte gehienez 7.500 biztanle zituzten herriek zuten horretarako aukera. Baina ordutik hainbat herrik —Altsasu, Berriozar eta Corella, besteak beste— eskaria egin zioten Nafarroako Gobernuari arau hori aldatzeko. Izan ere, dekretua onartu zenetik 7.500 biztanleko muga gainditu dute.

Dekretu horren bidez herri txikietako tabernei bultzada bat eman nahi diote. Bestalde, herri horietako biztanleek goizaldean beste herri batzuetara joatea saihestu nahi dute. Izan ere, kasu gehienetan autoa hartu behar izaten dute. Neurriarekin, ibilgailua ez hartu eta istripuak izateko arriskua gutxitu nahi dute. Ikusteke dago foru gobernuak berriz dekretua aldatzen ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.