BAK Bakearen Aldeko Koordinakundeak bere azken manifestaziora deitu du; otsailaren 11n egingo dute, Bilbon. Gizartearen mobilizazioa ez dela «jada beharrezkoa» uste du erakundeak, ETAk jarduera armatua utzi izanak «egoera berri bat» sortu duelako.
Etorkizuna gurea da. Lortu dugu lelopean elkartuko dira otsailaren 11ko manifestazioan. Atzo iragarri zuten BAKeko hogei kidek, Bilbon egin zuten prentsaurreko batean. Azken martxarekin «gizarte mobilizazioaren zikloa» itxi nahi dutela adierazi zuen Koordinakundeko kide Arantza Askasibarrek: «Berretsi nahi dugu ez dagoela atzera bueltarik, iragana ez dela itzuliko, eta etorkizuna soilik indarkeriarik gabea izan daitekeela».
Askasibarren arabera, hainbat mezu zabalduko dituzte manifestazioan. Batetik, «oroimena» eskatuko dute: «Ez dezagun egin ezer gertatu ez balitz bezala». Kontakizun partekatu eta etiko bat galdegingo dute, indarkeriaren «deslegitimazioan» oinarrituko dena: «Bidegabekeria asko gertatu dira eta gertatzen ari dira, baina ez dago arrazoirik inor hiltzeko». Ezker abertzaleari ere zuzenduko zaio BAK, «urrats gehiago» egin ditzala eskatzeko: «Gizartearen aniztasuna onartzen dutela frogatu behar dute». Bestetik, euskal presoen eskubideak errespetatzea galdegingo du koordinakundeak.
1988az geroztik urtero deitu du manifestaldira BAKek, ETAk jardun armatua utz dezala eskatzeko.
BAK-ek bere azken martxa egingo du Bilbon, otsailaren 11n
ETAk jarduera armatua utzi izanak «egoera berri bat» sortu duela adierazi du Arantza Askasibarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu