Larunbateko herri batzarrean parte hartu zuten 60 lagunek erabaki zuten galdeketa egitea Bakaikun (Nafarroa). Antolatzaileek adierazi dutenez, “babes anitza” jaso dute galdeketa antolatzeko orain artean: “ Oraingoz 130 sinadura lortu ditugu [290 pertsonak osatzen dute herriko zentsoa]. Dena den, bilketa ez da bukatu, eta kopurua handitzea da gure helburua”.
Bakaikuko Gure Esku Dago-k adierazi duenez, lantalde bat jarriko dute martxan, herritarrekin batera, galdera eta metodologia adosteko. “Gune irekiak sortuko ditugu, bakaikuarrek parte hartzeko”.
Bakaikuko sinbolo bat hartu dute oinarri galdeketaren lelo gisa, Urbasako Hiru Haitzak: “Gure eta hitzak/haitzak hitz-jokoaren bidez, gure herriaren nortasunarekin lotzen dugu galdeketa, era berean, haitz horien gerizpea iritzi anitzen topaleku bilakatuz”.
Galdeketak, ekainean
Goierritarrek eta dimoztarrek aurrez aukeratutako egun berean egingo dute galdeketa Bakaikun. Azpeitian (Gipuzkoa), berriz, astebete lehenago egingo dute. Bilbo Handian ere abiatu dute ekimena, eta “ekitaldi erraldoi bat” iragarri zuten ekainerako.