Bakarka ezin da

«Kolapsora» doan gizarte eredutzat jotzen dute gaur egungoa, eta auzolanean oinarritutako beste eredu bat amesten dute. Usurbilen egin dute asteburua, auzolanaz hausnartzen.

Lehendabiziko Auzolan Topaketak ostiraletik igandera egin dituzte, Usurbilen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
2011ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Auzolanean bai, posible da gizartea aldatzea, arazo zaharrei konponbide berriak aurkitzea. Edo hori uste dute, behintzat, asteburu honetan Usurbilen (Gipuzkoa) elkartu direnek, I. Auzolan Topaketetan. «Auzolana ez da zerbait materiala. Gure herriak belaunaldiz belaunaldi jaso duen kontzientzia bat da», azaldu du Gorka Pinillosek. Katalunian kooperatiba integralak bultzatzen dihardu Pinillosek, eta haien berri eman du Usurbilen. Seguru dago elkartasunak eta «kontzientzia kolektiboak» duten indarrean: «Batzarrean ere gauza bera gertatzen da: jendea elkartzen da arazoei konponbideak emateko».

Arazoak konpontzeko premiak elkartu ditu Usurbilen, beraz. Bazeramaten urte bat baino gehiago biltzen, auzolanak eta batzarrek duten balioaz gogoeta egiten, proiektu autogestionatuez hizketan... Hausnarketa zabaldu dute topaketekin, eta pozik daude emaitzarekin. Jasone Mitxeltorena antolatzaileak azaldu du «aho zapore zinez eztia» gelditu zaiela antolatzaileei. Euskal Herriko 72 herritatik, 200 bat lagun batu dira Usurbilen, eta lanerako gogoa bizia sumatu die Mitxeltorenak.

Askotariko gaiak eztabaidatu eta aztertu dituzte ostiraletik igandera bitartean: elikadura, kultura, energia, hezkuntza, euskalgintza, hacktibismoa, hondakinak, desazkundea, krisia, tokiko batzarrak... Larunbat goizean hamalau lantalde egin zituzten, hamalau gai aztertzeko. Askok jarraipena izango dute; urte bukaera bitarte, topaketa zehatzagoak egitekotan dira.

Baina elkar ezagutzea eta esperientziak trukatzea zen asmo nagusia, eta antolatzaileak oso pozik gelditu dira alde horretatik. Auzolanean edo autogestioan oinarritutako proiektu asko ja martxan daudela baina elkarri lotzeko eta beste gai batzuetan murgiltzen hasteko premia dagoela uste du Pinillosek. Horretarako aukera izan dira topaketak, hainbat proiektutan lanean ari diren pertsonak elkartu baitira: Bagara, Basherri taldeak, Bizi! mugimendua, Bizi-Toki eskola...

«Konponbideek presa dute»

Auzolana eta batzarreak. Behin eta berriro atera dira bi hitz horiek topaketetan. «Egoera politiko-soziala gero eta okerragoa da, eta prekarietatea nabarmenagoa. Konponbideek presa dute», esan du Pinillosek: «Konturatzen gara zein den egoera orokorra, eta zein den gizabanako bakoitzak bizi duen egoera, baina ikusi behar da kolektiboaren indarra alternatibak eraikitzeko».

Gizarte eredua «kolapsora» doala eta «gainbehera kaotikoa» izango duela nabarmendu dute topaketetan hitza hartu duten hainbat hizlarik, Felix Rodrigo Mora ikerlariak eta Joseba Azkarraga irakasleak, besteak beste. Krisi horri aurre egiteko elkartu beharraz aritu dira topaketetan, tokian tokiko ekimenak bultzatu beharraz, baina ikuspegi orokorrari eutsiz, eta herri ondasunak zabaldu beharra, jabetza pribatuaren gainetik.

Tailerretan parte hartzeaz gainera, hizlari ere aritu da Pinillos, Kataluniako kooperatiba integralak eta baita tokiko txanponen egitasmoak aurkezten. Biak ala biak, Euskal Herrian sortzeko proiektu «interesgarriak» direla uste du. Gehiago dena, itxaropentsu agertu da, «laster ideia berritzaileren bat» martxan sortuko ote den. Kooperatiba integralen ideia da autogestioaren bidez antolatzea bizimodua: «Kooperatiben legea erabiliz, proiektu autogestionatuak bultzatzea da helburua, gizarte berri bat eraikitzeko oinarria jartzea». Kooperatiba horiek «integralak» dira, pertsonen beharrizan guztiak asetzen dituztelako, «autogestioaren ikuspegitik»: hezkuntza, elikadura, energia, osasuna...

Tokiko txanponen helburua, berriz, «sistema ekonomiko berri bat sortzea da, oinarritik, batzarraren menpe egongo den sistema bat», Pinillosek azaldu duenez. Tokiko txanponak indarrean jartzeko, oinarrizkotzat jotzen du eskualde bakoitzak berea sortzea, eta abantailak ikusten dizkie txanpon horiei: ekonomia batzarrek kontrolatuko lukete, eta tokiko ekonomiak sustatzeko baliagarri izango lirateke. «Bermatzen du eskualdean sortutako aberastasuna eskualdean geratzea, eta ez joatea botere kontzentrazioak dauden lekuetara».

Gisa horretako ideiak eta beste asko sortu eta plazaratu dira topaketetan. Ideia berritzaileen laborategi bat izan da Usurbil. Baina ez da igandean bukatu. Usurbilen bertan egingo dute hurrengo bilera, urriaren 16an, 16:00etan. Topaketek zer jarraipen izan behar duten aztertuko dute bertan. Bitartean, Jasone Mitxeltorenak berak idatzi duen eta igandean Usurbilen aurkeztu zuten Auzolanaren kultura liburua aurkezten jarraituko dute herriz herri. Auzolanaren kultura zabaltzen jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.