«Bake aukerak baztertzea» egotzi dio ELAk Madrili

Aberri Egunaren harira kaleratutako agirian, ETAri armak uzteko eta prozesu politikoa «ez oztopatzeko» eskatu dio sindikatuakBurujabetza lortzeko «indarrak batu» eta «estatuari aurre egin» behar zaiola iritzi dio

Adolfo Muñoz, Sorturen aldeko manifestazioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
ELA sindikatuak hausnarketa egin du Euskal Herriko egoera politiko eta ekonomikoaz, Aberri Egunaren harira kaleratutako adierazpenean. Testuinguru politikoa aztertu duenean, bake aukera baliatzeko beharra azpimarratu du sindikatuak. Haren ustez, gaurko egoeran aintzat hartu beharrekoa da ezker abertzaleak hasitako prozesua, «aldebakarreko» erabakia hartu duelako, eta soilik bide baketsu eta demokratikoen alde egin duelako.

Alabaina,errefusatu egin du Espainiako Gobernuak «bake aukerak baztertzeko» duen jarrera «setatia»; besteak beste, su-etena eta nazioarteko egiaztatzea egiteko proposamena arbuiatu izana kritikatu du ELAk. «Arduragabekeria handia da, eta zerikusirik ez du gobernuek sustatu behar duten interes komunarekin». ETAri, berriz, eskari bat egin dio: armak behin betiko lagatzeko, eta prozesu politikoa «babesteko» eta «oztopatzeari» uzteko.

Euskal Herriaren gaur egungo egoera «konplexua» dela iritzi dio ELAk, eta, horregatik, ezinbestekotzat jo ditu elkarrizketa eta negoziazioa. Elkarrizketa politikoaren helburua da behin betiko bake jokalekua «blindatuko» lukeen «trantsizioa» abian jartzea, ELAk esan duenez.

Alta, Espainiako Estatuak «errepresio amaigabea» erabilita ez duela bide hori erraztu nahi salatu du: espetxe politika, tortura salaketak, gizarteko sektore bati egiten zaion jazarpena edota Sortu debekatzea jarri ditu ELAk adibide modura. Sindikatu abertzalearentzat, hori guztia «amaierarik ez duen sorgin ehiza» da, «mendeku goseak eta alderdientzat etekina atera nahiak bultzatutako ehiza».

«Inboluzioa»

Ilegalizazioari dagokionez, ELAk salatu du milaka euskal herritarri sufragio pasiborako eskubidea «izatez» ukatu zaiela, ezin baitute hauteskunde prozesuetan aurkeztu ezta hautatuak izan ere. Horrelako ilegalizaziorik ez da «inolako estatu demokratikotan ezagutu», ELAren ustez. Hori horrela, ELAk iritzi dio beharrezkoa dela estatuarekin konfrontazioan sartzea.

Estatu ituna «sasoi betean» egonik, autogobernuaren atzerakada «de facto» lortzen ari dela salatu du ELAk.Euskal Herrian izaten ari den «inboluzioari» dagokionez, ELAk iritzi dio burujabetzak arrakasta izan nahi baduindarrak batu egin behar direla «estatuari aurre egiteko» etaburujabetza lortzeko. Ipar Euskal Herrian, berriz, Iparralderako lurralde kolektibitate berezi bat sortzeko bidean Batera plataformak egiten duen lana etaaldarrikapenen garrantzia azpimarratu du ELAk.

Krisi soziala

Bestalde, krisi sozial eta ekonomikoaren esparruan,ELAk ohartarazi du egoera politiko eta soziala «oso larria» dela, erreforma fiskal progresistak egiteko aukera baztertzen delako, eta, aldi berean, gizarte gastuan murrizketak erabakitzen direlako. Hala, gizarte babeserako mekanismorik ezean, langabezia maila altuakeragin ditzakeen ondorioak larriak izango direla ohartarazi du. Halaber, gehiengo sindikala egiten ari den lana nabarmendu du. Lankidetza horrek «ilusioa» pizten duela eta langile klasearentzat «itxaropenerako motiboa» badela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.